Etzi Siriako gerrari buruzko mahai ingurua egingo dute Zelai Ariztin
Aurretik 'Retorno a Homs' dokumentala eskainiko dute, doan. Monica Leivak eta Sumer Alun siriarrak parte hartuko dute. Butak 21 zine klubak antolatu duUrretxu-Zumarragako Butak 21 zine klubak ziklo berezia antolatu du abenduan, Siriako gerra zibilaren ...
Aurretik ‘Retorno a Homs’ dokumentala eskainiko dute, doan. Monica Leivak eta Sumer Alun siriarrak parte hartuko dute. Butak 21 zine klubak antolatu du
Urretxu-Zumarragako Butak 21 zine klubak ziklo berezia antolatu du abenduan, Siriako gerra zibilaren jatorria gehiago ezagutu eta ulertzen saiatzeko asmoz. Joan den ostiralean Caballos de Dios filma eskaini zuten, 2003an Marokon egindako atentatu batzuetan oinarritutakoa. Larunbatean, berriz, Retorno a Homs dokumentala eskainiko dute. Doako emanaldia izango da, eta, amaieran, mahai ingurua egingo dute Monica Leivak eta Sumer Alunek.Monica Leiva kazetaria Sirian lana egina da, korrespontsal modura. Sumer Alun, berriz, Sirian jaioa da; gaur egun Sevillan bizi da, eta siriarrei laguntza emateko elkarte baten sortzailea da: Asociación de Apoyo al Pueblo Sirio de Andalucía. «Larunbatean publikoari irekita egongo gara, haien galderak erantzuteko prest», esan du Leivak.
Mahai inguruaren helburua egungo egoerara ekarri gaituzten arrazoiak aztertzea izango da, Leivaren esanetan. «Saiatuko gara ulertzen altxamendu baketsu modura hasi zena zergatik bihurtu den gerra armatu bat». Dokumentalak ere gai hori lantzen du, beraz, «aberasgarria» izango da. «Altxamenduak hasi zirenetik gaurdainoko garapena aztertuko dugu, gehienbat, ez duelako denborarik ematen erregimenaren mende egindako urteetan jasandako zapalkuntzaz hitz egiteko».
Gaian sakontzeko aukera
Leivaren ustez gaia oso aktuala da, eta jendeak badu jakinmina. Izan ere, «Siriako gerrak denoi eragiten digu». Hori dela eta, herritarrak animatzen ditu larunbateko saiora joatera, «gaian gehiago sakontzeko aukera izango dugulako, azalean geratu gabe».