Goiturrek bikaintasun turistikoaren EDEN saria jaso du Bruselan
Europar Batasunak urtero ematen duen bikaintasun turistikoaren EDEN saria jaso du Goiturrek. Atzo iluntzean egin zuten ekitaldia EBk Bruselan (Belgika) duen Charlemagne eraikinean. Sari horrek Europan turismo jasangarriaren garapen ereduak bultzatzen dituen proiektuak bultzatzea du helburu. Aurtengo gaia, turismo gastronomikoa izan da, eta EBeko 19 proiekturen artean hautatu dute Goierriko eskaintza turistikoa.
Europako Turismoaren eguna ospatu zuten atzo, eta egun osoan zehar, Goierriko eskaintza turistikoa azaltzen aritu ziren Goiturreko ordezkariak, horretarako bereziki jarritako stand-ean. Iluntzean berriz, turismo gala egin zuten, eta bertan jaso zuen saria Niko Osinaldek, Goiturren izenean.
Bruselara egindako bidaia aprobetxatuz, EDEN sarea osatzen duten turismo eragileek bilera teknikoa egingo dute gaur. Bertan, Niko Osinaldek , gainontzeko eragileekin batera, turismo jasangarrian oinarritutako bikaintasunaren sarearen adierazpena sinatuko du. Bihar berriz, Eusko Jaurlaritzak Bruselan dituen ordezkariekin bilduko dira Goiturrekoak.