«Txapelketa gehiago bizi dut gai-jartzaile bezala lehendakari bezala baino»
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala «oso irekia» ikusten du Saroi Jauregik (Zaldibia, 1978), eta «saio polit bat aditzeko bermea» dagoela uste du. ...
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala «oso irekia» ikusten du Saroi Jauregik (Zaldibia, 1978), eta «saio polit bat aditzeko bermea» dagoela uste du. Bost urte pasa daramatza Gipuzkoako bertsozaleen kargu gorenean, eta hamabost gai-jartzaile eta aurkezle lanetan. Illunbeko finala gidatzeaz arduratuko da bihar.
Nola bizi du elkarteko lehendakariak txapelketa?
Alderdi askotatik. Gai-jartzaile taldean nago, saioak aurkezten ditut… Lehendakari bezala tokatzen zait txapelketaren aurpegi publikoa izatea, kanpora begirako lana egitea. Nik txapelketa gehiago bizi dut gai-jartzaile bezala lehendakari bezala baino.
Eta orain artekoaz, zer nabarmenduko zenuke?
Publikoa batetik, saio ia denetan bete baitira aretoak. Bertsolarietan ere uste dut barietate handia egon dela. Eta, gero, aipatuko nuke borondatezko langileena, bertsozale elkartean daukaguna luxu bat da. Finalerako ehundik gora lagun lotuta daude borondateko lanerako, eta azken egunetan ere jendea hoska aritu da lanera horrenbeste jende joango dela esanez.
Norberak txapelketan bere aletxoa jartzeko nahiak bultzatzen al du jarrera hori?
Hori ere badela uste dut; baina hortik aparte, ez dakit zer daukan bertsolaritzak, baina jendea erakartzen du taldean lan egitera. Bertso-eskolak beti daude laguntzeko prest, eta ez oihartzuna daukaten ekitaldietan bakarrik. Taldean lan egiteko joera dago, eta esango nuke kultura hori barruraino sartuta dagoela, edo hala pentsatu nahi dut, gainontzekoetan ez baita hori gertatzen.
Gai-jartzaile eta aurkezle ere ari zara, eta finala ere zuk gidatuko duzu Illunben. Nola uztartzen dituzu bi zereginak?
Beste leku batzuetan pentsaezina izango litzateke lehendakari batek aurrena gaiak jartzea eta gero saria ematea, baina Bertsozale elkartean gauza horiek normaltasunez egiten dira. Ni lehendakaria naiz, baina gai-jartzailea ere banaiz, eta gaiak jarri ondoren sari bat eman behar badut, ez da ezer pasatzen.
«Bertsolaritzan taldean lan egiteko joera dago, kultura hori barruraino sartuta dago»
«Oso zaila, jendeak uste duena baino askoz zailagoa da bertso saioetarako gaiak jartzea»
«Ez dagokit izenik aipatzea. Baina, bestela ere, finala oso irekia ikusten dut»
«Bertsolari denak hutsetik hasten dira, eta aurreko pribilegioek ez dute batere balio»
Zeregin horrek hurbildu zintuen zu bertso mundura.
Zalea betidanik izan naiz, baina kasualitatez ere sartu nintzela esango nuke. Zaldibian 1992-93 urteetan, Altzo Txikik-eta antolatu zituzten Bertsolaritzaren sena, Gazteok ahal dugu izeneko bertso saio batzuk gazteekin. Silveira, Iturriaga… horiek gazte-gazteak ziren. Zubi-Buru elkartean egin ziren saio batzuk, eta beste bi lagun eta hirurok aritu ginen aurkezle.
Aurkeztu zenuen lehen finala 1999an jokatu zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala izan zen, Azpeitian.
Txapelketa hartan talde bakoitzak zeuzkan hiru bertsolari, gai-jartzailea eta epailea. Zaldibiako taldeko gai-jartzaile izateko esan zidaten. Elkarteak jarritako gai-jartzaileen talde iraunkorra zegoen, eta tartean Joxepa Madariaga eta Inaxio Usarralde zeuden. Txapelketa hartako Zaldibiako saioa neronek aurkeztu nuen, eta nonbait gustatu egin zitzaien nola aurkeztu nuen, eta talde iraunkorrean sartzea proposatu zidaten. Beasainen beste saio bat ere aurkeztu nuen, eta gero finala Azpeitian. 2000. urtean sartu nintzen Gipuzkoako zuzendaritzan, sustapen kontuetan: gai-jartzailetza, txapelketaren antolakuntza…
Gaiak beti egoten dira zaleen eta kazetarien ahotan txapelketan. Zer sentsazio dituzue?
Orain arte jaso dugun kritika nagusia, edo guri ailegatu zaiguna behintzat, izan da kartzelako gaiak ireki samarrak izan direla, eta etxetik ekarritako bertsoak kanta zitzaketela bertsolariek. Kartzelako gaiak jartzerakoan saiatzen gara irekiak izaten, sei bertsolariren –finalean zortzi– hiruna bertso aditu behar dituelako publikoak eta sei istorio ezberdin aditu nahi ditugulako. Etxetik ekarritako bertsoak? Non dago muga?
Zer azalpen du horrek?
Gaiari erreferentzia nahitaez egin behar dio bertsolariak, eta epaileek hori kontuan hartzen dute. Eta etxetik ekarritakoak ala ez, bertsolari bakoitzaren kontzientziaren baitan egongo da; aldi berean, ez dut uste bertso osoak inork etxetik ekartzen dituenik. Esaldi egiturak, errimak eta gainontzekoak noski etxetik ekartzen dituztela, entrenatzen horretarako aritzen dira. Gu oso gustura gaude egiten ari garen lanarekin, baina beti dago zer hobetua.
Ez da erraza izango asmatzen.
Oso zaila, jendeak uste duena baino askoz zailagoa. Bost final-laurden izan badira, gu saiatzen gara bostetako gaiak batera jartzen, orekaren izenean. Fasetik faserako tartean asteburu bat libre egoten da, eta asteburu horretan gelditzen gara hurrengo fase osoa jartzeko. Gero, astez aste elkartzen gara, eta asteburuan datorren saioko gaiak banan-banan irakurtzen ditugu, eta moldaketa batzuk egiten ditugu; baina saiatzen gara faseak osorik jartzen, oreka ahal den gehiena zaintzeko, jakinda ezinezkoa dela. Bertsolariak ere estilo ezberdinetakoak daude, eta gerta daiteke gai batzuekin bertsolari batzuei mesede egitea eta besteei kalte, edo alderantziz.
Finaleko zortzikotea. Zein izan da txapelketako ezustekoa?
Oihana Iguaranena aipatu izan da, baina ez dakit zertarainoko sorpresa izan den. Azpeitiko final-laurdenekoan aditu nuen kantatzen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Hasierako kinieletan ez zen egongo, baina txapelketan demostratu du badakiela bertsotan. Eta Xamoak ere bai.
Beste seirena nahiko jakina zen, beraz.
Bai, baina egin arte ez dago jakiterik. Txapelketa horixe da, eta aurretik egindako lanak, Jon Maiak finalaren aurkezpenean esan bezala, ez du balio ezertarako. Bertsolari denak hutsetik hasten dira, eta aurreko pribilegioek ez dute ezertarako balio. Finalera sartu direnak garbi demostratuta sartu dira finalera, eta saio polit bat aditzeko bermea badagoela uste dut.
Eta nork eramango du txapela?
Ez dagokit izenik aipatzea. Baina, bestela ere, finala oso irekia ikusten dut.
Ezohiko egunean jokatuko da finala, Espainiako Gorteetarako Hauteskundeengatik egun bat aurreratuta.
Hori buruhauste handi samarra izan zen. Astebete atzeratzea pentsatu genuen aurrena, baina Eguberriak ziren bete-betean, eta atzera egin genuen. Larunbata gogoeta eguna ere bada, eta kontsulta legalak ere egin behar izan genituen: zer kantatu zer ez, politikariek saria ematera etorri ahalko zuten bai ala ez… Printzipioz ez dago arazorik. Aurtengoa apustu bat da, Gipuzkoako txapelketako final guztiak beti igandean izan dira. Ea horrek ere zer eragin daukan.