Lau ardatz nagusi ditu Beasaingo Udalaren lau urteko legegintzaldi planak. Kalitatezko enplegu publikoaren eta pribatuaren aldeko apustua ere egiten du
Beasaingo udal gobernu taldeak legegintzaldiko plana aurkeztu du.
“Etorkizuneko Beasain eraikitzea, orainari erreparatuz, momentuko arazoei, egoerei konponbidea emanez eta herritarren defentsan lan eginez; enplegua, etxebizitza, gizarte ongizatea bermatuz, aukera berrien alde». Horixe da Beasaingo Udaleko gobernu taldeak legealdirako duen helburu nagusia. Pertsonak garrantzitsuenak direla jakinda, datozen lau urteetako legegintzaldi plana aurkeztu dute gaur eguerdian.
Lau ardatz nagusi ditu planak: garapen sozioekonomikoa, beasaindarrei egokitutako herria eraikitzea, herri kohesionatua eta hezitzaile bultzatzea eta udala herritarren zerbitzura jartzea.
Lehentasun nagusia, enplegua sortzea eta bultzatzea dute, langabezi tasa %12,47koa baita. «Pertsonak garrantzitsuena direla lehenetsita eta lanak duintzen dituela oinarri hartuta, udal gobernuaren konpromisoa izango da, datozen lau urteetan, enplegua sustatuko duten ekimenak bultzatzea. Ekimen hauek, bereziki, lanbide formakuntzan eta ekintzailetasuna sustatzean oinarrituko dira».
Udal gobernu taldearen bigarren lan ardatz nagusia «herria beasaindarrei egokitzea da, Beasain erosoagoa, atseginagoa eta osasuntsuagoa eraikitzeko».
Hirugarren ardatza «eraldatze sozialerako, baloreetan oinarritutako herria» eraikitzea da «gizarte kohesioa, elkarbizitza eta belaunaldien arteko harremanak sustatuko dituena, herritarren bizi kalitatea hobetzeko».
Azkenik, udal baliabideak eraginkortasunez kudeatzea izango da laugarren ardatza, «beti beasaindarren interesen defentsan jardunez, herritarren benetako beharrei erantzuteko».
Era berean, prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, udal gobernuak «kalitatezko enplegu publikoaren eta pribatuaren alde egiten du. Horretarako egin eta egingo diren kontratazioak lehiaketa publiko bidez burutuko dira eta lanpostu berriak sortzeko xedearekin 2016rako enplegu plana bultzatuko da».
Biharko Goierriko Hitzan informazio osatuagoa irakurtzeko aukera izango da.