Hauteskundeetako emaitzen balorazioa egin dute Goierriko alderdietako ordezkariek
Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen emaitzak ikusita, zein da zure alderdiak egiten duen balorazioa?
«Kudeatzen ari dena zigortzeko joera izaten da baina gure kasuan ez da horrela izan, EAJk emaitza onak lortu ditu»
Aitor Aldasoro (EAJ)
EAJk «emaitza onak» lortu dituela ikusita gustura agertu da Aitor Aldasoro. Parte-hartzea ere handia izan dela dio eta hori «poztekoa da oso». Bestalde, «Euskal Herrian politikak beste era batera» funtzionatzen duela uste du, eta hori hauteskunde hauetan garbi gelditu dela. Normalean, «kudeatzen ari dena zigortzeko joera» izaten dela dio, «baina gure kasuan ez da horrela izan, EAJk emaitza onak lortu baititu». Hala ere, «abertzaletasunaren ikuspegitik kezka» agertu du: «Podemosek babes izugarria» izan du, baina «Espainiari begirako alderdi bat» dela uste du Aldasorok, eta EH Bildutik boto asko joan dela. «Corpus abertzale hori gutxitu egin da eta hor hausnarketa egin behar da». Espainian, PPk gutxiengoan aginduko duela uste du.
«Aldaketaren aldeko botoak Madrilgo ikuspegiarekin eman dira hemen»
Igor Eguren (EH Bildu)
Aitzakiarik ez dio jarri EH Bilduren igandeko emaitzei Ordiziako alkate izandako Igor Egurenek. «Nahiz eta estatu ikuspegiko hauteskundeak ziren, aurkeztea erabaki genuen momentutik, emaitzak porrota dira. Alferrik da besterik esatea, ezin zaio buelta eman. Barne irakurketa eta azterketa sakona egitea tokatzen zaigu orain». Goierriko EH Bilduk gaur arratsaldean egingo du bilera.
Gobernu eta gobernatzeko molde aldaketaren bozak izan dira, baina «Madrilera begira». «Podemosen Hego Euskal Herriko sarrera indartsuak argi erakutsi du euskal herritarrak Madrilen aldaketa bilatuz joan direla». «Espektro oso interesgarria» ireki da. Erabakimenaren aldeko Podemosen jarrerak EAEko bozetan segiko duen galdetu du.
«Babes handia jaso dugu herri mailan, Goierrin, Gipuzkoan eta EAEn ere bai»
Mila Sukia (Ahal Dugu)
Pozik dagoela nabari zaio Ordizia Orain taldeko Mila Sukiari. «Oso oso gustura gaude lortutako emaitzekin», azaldu du. Izan ere, Goierriko hirugarren indar politikoa bihurtu da Ahal Dugu-Podemos taldea, PSEri eta PPri aurrea hartuta.. «Izugarrizko emaitza ona lortu dugu», adierazi du Sukiak: «babes handia jaso dugu bai herri mailan, bai Goierrin, Gipuzkoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere bai». EAEn lehen indarra izan da Ahal Dugu-Podemos, 316.441 boto eskuratuta. Hala ere, orain bide berri batean lan egin beharko dutela nabarmendu du Sukiak. «Boto guzti horiek gestionatu beharko ditugu, eta gogor lan egin». Hala ere, argi azaldu du hauteskundeen emaitzen lehenengo irakurketa «oso positiboa» izan dela.
«Estatu mailan PP eta PSE txandakatzen ziren zikloa bukatu da»
Mikel Serrano (PSE-EE)
Hauteskunde hauetan «Estatu mailan arku politikoa ireki» egin dela azaldu du Serranok, eta baita «botoa emateko aukerak» ere. «PP eta PSE txandakatzen ziren zikloa bukatu» egin dela uste du eta «errealitate honekin bizitzen ikasi» beharko dela. «Orain lan mardula egin beharko dute agintariek, koalizioak norekin egin ikusteko; orain hasiko da benetako jarduera politikoa». Bestetik, EAE mailan, «Ahal Duguren indarra aztertu eta kontuan hartu beharrekoa» dela azaldu du, «bai PSE-EEk, baita alderdi abertzaleek ere». Izan ere, EAJk eserleku bat irabazi arren, «botoetan Ahal Duguk irabazi» diola gogoratu du. Zumarragako datuak «harrotasunez baina harrokeriarik gabe» hartu ditu, sozialistek irabazi duten herri bakarra izan baita.