Iparragirre hiribideko plaza inauguratu dute
Santa Lutzitarako amaitu zituzten Iparragirre hiribideko lanak, eta gaur eguerdian plaza inauguratu dute. Bertako ostalariek eta lanak egin dituen enpresak antolatuta, luntxa eskaini diete herritarrei. Urdaiazpikoa, pintxoak eta ardoa banatu
Santa Lutzitarako amaitu zituzten Iparragirre hiribideko lanak, eta gaur eguerdian plaza inauguratu dute. Bertako ostalariek eta lanak egin dituen enpresak antolatuta, luntxa eskaini diete herritarrei. Urdaiazpikoa, pintxoak eta ardoa banatu dituzte plazan jarritako mahaietan. Udal ordezkariak ere han izan dira.
Plaza espaloiaren altuera berean jarri dute eta edukiontziak lurperatu. “Horri esker espazio asko irabazi da oinezkoentzat, eta tabernek terraza handiagoak jartzeko aukera dute”, azaldu du Mikel Serrano alkateak.
Oraindik hainbat xehetasun falta dira lanak guztiz amaitzeko: garajeetarako sarrera txukuntzea, plazan lorontziak eta aulkiak jartzea, eta karga eta deskargarako zonalde bat, besteak beste. Lur azpiko edukiontziak ere ez daude erabiltzeko moduan oraindik. Datozen asteetan egingo dira lan horiek.
Eliza aurreko espaloia zabaltzea, hurrengo fasean
Hurrengo fasean, eliza aurreko espaloia zabalduko du udalak, eta Piedad kalea eta eliza lotzen dituen zebrabidea altxatu egingo du, autoen abiadura moteltzeko. Lanen azken fasean, berriz, ranpa zabal bat egin nahi da Trintxeratik Iparragirre hiribideko plazara. “Obra ezberdinak baina osagarriak dira, inguru honetako irisgarritasuna hobetze aldera”.