13,7 milioi euroko aurrekontua onartu du Zumarragako Udalak 2016rako
Aste honetan egin den ezohiko bilkuran onartu dira 2016ko udal aurrekontuak Zumarragako Udalean. PSE-EEren eta EAJren aldeko botoekin (10) onartu dira. EH Bilduko eta Irabaziko zinegotziek (3), berriz, abstentzioa bozkatu
Aste honetan egin den ezohiko bilkuran onartu dira 2016ko udal aurrekontuak Zumarragako Udalean. PSE-EEren eta EAJren aldeko botoekin (10) onartu dira. EH Bilduko eta Irabaziko zinegotziek (3), berriz, abstentzioa bozkatu dute. 13.713.672 euroko aurrekontuak dira, eta horietatik 2,3 milioi erabiliko dira inbertsiorako. «Ez dira gure aurrekontuak, baina gure programako puntu asko kontuan hartu dira», adierazi du Iñigo Peñagarikano jeltzaleak, aldeko botoa azaltzeko.
Mikel Serrano alkatea gustura agertu da «aspaldiko partez» ez delako aurkako botorik izan. Horrez gain, lau alderdiek nabarmendu eta eskertu dute aurrekontuak osatzeko batzordean izandako «kordialtasuna».
Baditu hainbat berrikuntza 2016ko aurrekontuak. Batetik, orain arte Zumarraga Lantzen elkartearen gastuak eta diru sarrerak zirenak udalarenak izango dira aurrerantzean. Izan ere, aurrekontuak onartu aurretik Zumarraga Lantzenen disoluzioa onartu zuen udal taldeak aho batez. Ondorioz, aurrentzean udalaren eskumenekoak izango dira Zelai Ariztiko aparkalekuaren edota Antioko interpretazio zentroaren kudeaketa, besteak beste.
Bestetik, orain arte egon ez diren diru partida batzuk aurrikusi dira: 30.000 euro herritarren partaidetzarako, eta 3.000 euro giza larrialdietarako laguntzetarako. Bi diru partida berri horiek harrera ona izan dute udaleko alderdi guztien artean.
Datorren urteko aurrekontuen «izaera soziala» nabarmendu du Serranok. %2,5eko igoera izan du gizarte zerbitzuen atalak. Giza larrialdietarako 3.000 euroko diru partidaz gain, gizabanakoentzako diru laguntzetarako partida handitu dute 75.000 eurotik 100.000 eurora. «Sozialistak gara, eta gure leloa da gutxien dutenek ez luketela gehien sufritu behar».
Jubilatuen etxea berrituko dute
Serrano harro dago, bestalde, Eusko Jaurlaritzatik lortutako diru kantitateagatik: 1,2 milioi euro. «PSE-EEren eta EAJren arteko sintonia onaren emaitza izan da». Zati handiena jubilatuen etxea erabat berritzeko izango da: 850.000 euro. Ospitalerako bidea hobetzeko 200.000 euro erabiliko dira. Bestalde, Soraluze eta Legazpi kaleen peatonalizazio proiektua garatzeko izango dira 50.000 euro.
Eusko Jaurlaritzarekin ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere lortu du akordioa udalak, GI-632 errepidean bulebarizazio lanak egiteko. Hainbat fasetan, errepidea estutuko dute, bidegorria jarri, zuhaitzak landatu… Errepidea herrian «integratzea» eta kamioien trafikoa Deskargara bideratzea dira helburuak.
Bestalde, ekonomiaren sustapenerako eta tokiko garapenerako diru partida ia hirukoitza izango da 2016an: 53.850 eurotik 151.950 eurora igoko da. Enpresetako enplegurako berrikuntza ekintzak eta tokiko merkataritza sustatzeko plan baten garapena aurrikusten dira aurrekontu horren barruan, besteak beste. «Lokalaren aldeko apustua egin dugu: geurea garatu eta balioan jarri, kanpokoentzako ere erakargarriagoak izateko», azaldu du Rosa Maiza sozialistak.
Abstentziorako arrazoiak
Unai Orbegozok, Irabaziko zinegotziak, hainbat arrazoi eman ditu aurrekontuen aldeko botorik ez emateko. Onartu ezin dituzten bi «marra gorri» aipatu ditu. Batetik, soldatetara bideratutako kapitala: «gutxiago izan beharko litzateke». Bestetik, «etxebizitza hutsen arazoa» konpondu bitartean, etxebizitza berriak egiteko proiektuak geratzea beharrezkoa dela uste du.
EH Bilduren ustez hainbat hutsune ditu 2016ko aurrekontuak, batez ere, euskara, hezkuntza eta gazteriaren atalean. Hala ere, aldeko botoa ez eman arren, «konfiantza botoa» eman dio EH Bilduk udalari, eta unean uneko akordioetara iristeko borondatea erakutsi du. Borondate bera erakutsi du Irabazik ere.