Zumarragako Udalak alokairu sozialera bideratuko ditu 20 etxebizitza
Zumarragako Udalak bere jabetzakoak diren 20 etxebizitza bideratuko ditu alokairu sozialera. Beren egoera ekonomiko edo sozialagatik alokairuko etxebizitzen merkatu librean sartzeko zailtasunak dituzten herritarrei etxebizitza baldintza «duinak» eskaintzea da helburua.
Zumarragako Udalak bere jabetzakoak diren 20 etxebizitza bideratuko ditu alokairu sozialera. Beren egoera ekonomiko edo sozialagatik alokairuko etxebizitzen merkatu librean sartzeko zailtasunak dituzten herritarrei etxebizitza baldintza «duinak» eskaintzea da helburua.
Lehenengo fasean hamalau etxebizitza jarriko dituzte alokairuan, eta itxaron zerrenda bat osatuko da izena ematen dutenekin. Itxaron zerrenda hori erabiliko dute etxebizitza sozial baten beharra dutenen eskaera erreala kalkulatzeko. Urtarrilaren 18ra bitartean aurkez daitezke eskariak, udaletxean.
Alokairuan jarriko den etxebizitza bat gizarte larrialdietarako izango da. Arrazoi ezberdinengatik bere ohiko etxebizitza utzi beharra suertatzen zaien familientzat erabiliko da. Adibidez, sute bat gertatu delako.
Lehenengo faseko gainontzeko hamahiru etxebizitzak honela banatuko dira: bat erabilera partekaturako, lau guraso bakarreko familientzat, hiru 36 urtez azpiko bikote edo familia gazteentzat, bi gutxiengo etnikoentzat eta hiru kupo orokorrerako.
Bete beharreko baldintzak
Alokairu sozialeko etxebizitza eskatzeko hainbat baldintza bete behar dira: azken bost urteetan Zumarragan erroldatuta egotea, gutxienez bi pertsonako familia izatea —etxebizitza partekaturako eskaeretan izan ezik—, etxebizitza baten titularra ez izatea eta Etxebiden izena emanda egotea, besteak beste. Baldintza ekonomikoei dagokienez, familia osoak gehienez 20.000 euroko irabaziak eduki beharko ditu urtean.
Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileekin itxaron zerrenda osatuko da, eta puntuazio altuenetik behera hasiko dira etxebizitzak esleitzen. Hasiera batean urtebeteko kontratua egingo da, berritzeko aukerarekin, eta hileko errenta 165 eurokoa izango da.