Goierri garaian ere, indarkeria sexistari ez!
Barrez eta alai ageri dira Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio-Itsasoko gazteak argazkian. Ez da gutxigorako. Sari ederrak jaso berri dituzte; irudian beraiekin ...
Barrez eta alai ageri dira Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio-Itsasoko gazteak argazkian. Ez da gutxigorako. Sari ederrak jaso berri dituzte; irudian beraiekin batera agertzen diren Mis Ovarios 33 animazio eta musika taldeko kideek eman dizkiete 250 euroko bi aipamen berezi ,eta 350 euroko bi sari nagusi. Gazteek emakumeenganako indarkeria eta sexuen arteko desberdintasun egoerak salatzeko egin dituzten bideoak izan dira sarituak. Beldur Barik bideo lehiaketa da. Azaroaren 28an banatu ziren erkidego mailako sari nagusiak, baina eskualdeka ere ari dira banatzen sari gehiago. Horiek, Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun sailak antolatutakoak dira, eta joan den astean Legazpin ospatu zen Beldur Barik topaketan zehar entregatu ziren.
Lau sari izan dira Goierri garaiko lau herri horietan banatu direnak, guztiak 12 eta 17 urte bitartekoen kategorian. Partaideak, ordea, gehiago: 12 guztira. Lau herriotako gazte ugarik parte hartu du lehiaketan, ikus-entzunezkoen produkzioekin berdintasunaren alde eta emakumeenganako bortxakeriaren aurka beren aletxoa jarriz.
Saritutako lanak
Bi aipamen berezi jaso dituzte Goierri garaiko ikasleek, Legazpiko Haztegi ikastolakoek Purple Melody lanarekin eta Urretxuko Jose Maria Iparragirre institutokoek Artaziegaz izenekoarekin. Sari nagusietako bat, Urretxu-Zumarragako ikastolako Zer da guretzat berdintasuna? bideoarentzat izan da, eta bestea Ezkio-Itsasoko Santa Lutzi People izeneko taldeak irabazi du Errausmin bideoarekin.
Lan guztiak ikusteko sakatu hemen.
Zer da?
Beldur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da.
Beldur Barik jarrera. Kultura matxista eta indarkeria sexistaren adierazpenak aldatzeko konpromisoa.
Beldur Barik lehiaketa. Beldur Barik jarrera agertzeko aukera da. Ikus-entzunezko produkzioen bidez erakutsi behar da neska eta mutilek nola erantzuten duten deseberdintasun egoeren aurrean eta nola egiten dioten aurre indarkeria sexistaren adierazpenei.
Beldur Barik topaketa. Azaroaren 28an egin zen Amurrion (Araba). Han banatu ziren lehiaketako sari orokorrak. Eskualdeka ere egiten ari dira topaketak eta sari-banaketak.
Goierriko 19 talde lehian. Beasaindik 4 bideo aurkeztu dira, Ezkio-Itsasotik 1, Lazkaotik 1, Legazpitik 2, Ordiziatik 1, Urretxutik 9 eta Zegamatik 1.