Sasieta eta GHKren arteko lankidetza hitzarmena onartu dute Udalek
GHK-k 298.000 euro ordainduko dizkio Sasietari
Atzo iluntzean egin zuten Sasieta Mankomunitatearen eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren lankidetza hitzarmena onartzeko bilera. Goierriko udaletako 26 ordezkari izan ziren, guztiak 2 izan ezik: Itsasondokoa, eta Zumarragako bigarren ordezkaria. Aho batez onartu zuten Sasieta eta GHKren arteko lankidetza hitzarmena.
Otsailean itxi zuten Sasieta zabortegia. Itxita egoteak ez du esan nahi, ordea, ez dagoenik lanik. Oraindik ere hainbat lan egiten da, tartean, transferentzia lanak: Goierriko zabor organikoa eta errefusa biltzen jarraitzen da, baina ez da han tratatzen: hori trinkotu eta eraman egiten dute -GHK-k zehazten du zein zabor ze plantara; errefusa, esaterako, Azpeitira-. “Ez da zaborrik Sasietan gelditzen“, azaldu du Aitor Aldasoro Beasaingo alkate eta Sasieta Mankomunitateko zuzendariak. “Jasotako zabor guztia eraman egiten dugu”.
Zabortegia itxi zutenetik abendura arteko transferentzia lan horiek Sasieta zabortegiak egin ditu. Onartutako lankidetza hitzarmenari esker, baina, zehazten da lan horiek bere gain hartuko dituela GHK-k. Beraz, Sasietak, guztira, 298.000 euro jasoko ditu egindako lanengatik, hilabeteko 27.100 euro. “Kostatzen zaiguna ordainduko du GHK-k, ez gehiago, ez gutxiago”, nabarmendu du Iñaki Erauskin Sasietako teknikariak. Sasietan ez dago “transferentzia estaziorik” oraingoz, horregatik zaborra trinkotzeko lan hori kanpoan egiten da. Horrek arazo bat dakar, besteak beste: kaioak. Kaio ugari inguratzen dira zaborrera, eta horiek uxatzeko tratamendua egiten dute. Lan hau kanpoan egiteak, beraz, kostuan eragina du.
Organikoaren bilketa eta langileak
Gabiriako Udalak sortzaile berezientzako organikoaren bilketa eskatu du. Ostatua, Korta jatetxea, Aztiriako jatetxea, eta aterpetxea daude tartean. Udalak sortzaile berezi horientzat organikoaren bilketa jarri nahi du (Lazkaon eta Legazpin ere onartu zuten aurrez). Kostua bere gain hartuko du udalak, eta aho batez onartu zuten bileran.
Amaitzeko, irailaren 9tik aurrera Beasaingo Udaleko idazkari eta diru hornitzaileak ari dira Sasietan lanak egiten -ez lanaldi osoan, ordu batzuk pasatzen dituzte Sasietako kontuak eramaten-. Lan hori urteko 11.000 euroan ordaintzea erabaki zuten batzarrean, aho batez.