Dani Oiarbide (Idiazabal, 1979) euskara irakaslea da Argentinako La Plata hirian. Bi urte egin ditu bertako unibertsitatean, Euskara eta Euskal Kulturaren inguruko ikastaroa ematen.Harritu al zaitu Argentinako euskara ikasleen mailak?Ez nau guztiz harr...
Dani Oiarbide (Idiazabal, 1979) euskara irakaslea da Argentinako La Plata hirian. Bi urte egin ditu bertako unibertsitatean, Euskara eta Euskal Kulturaren inguruko ikastaroa ematen.
Harritu al zaitu Argentinako euskara ikasleen mailak?
Ez nau guztiz harritu. Lehenagotik ere banuen haien berri. Maizpiden egiten dut lan eta Hego Amerikako ikasleen tutorea izan naiz. 2012an, Argentinara joatea egokitu zitzaidan eta agian orduan izan zen niretzat kolperik handiena.
Hori baino gehiago harritu nau bertako euskal komunitatearen antolaketak. Ehun euskal etxe daude guztira, Euskal Aste Nazionala antolatzen dute,
Buenos Aires Celebra el País Vasco festibala ospatzen da… Badira hainbat ekitaldi oso garrantzitsuak direnak. Asko harritu nau baita ere Argentinako gizartean euskaldunak zenbateko prestigioa duen. Nire ustez, hemen ez bezala.
Nolako irudia esango zenuke dutela euskaldunari buruz?
Batetik, izan daiteke euskaldunak gauza batzuetan idealizatuta egotea, ez dakit. Baina bestetik, oinarri batzuk han sendoagoak daudela iruditzen zait. Hango euskal komunitateko kide batek ez du ulertzen hemen nola dagoen jendea euskaraz ez dakiena, zergatik ez den interesatzen bertako kulturarekiko. Oinarri sendoagoa dute zenbait arlotan.
Adibidez, harritu egin nau han zein garrantzitsua den
Gernikako arbola abestia. Hemen ez dugu kantatzen. Nire inguruan ez dugu abesti berezitzat. Han euskal komunitatearen himnoa da eta ekitaldi nagusietan Argentinako ereserkia eta
Gernikako arbola kantatzen dira. Eta pentsatzen jartzen bazara,
Gernikako arbola oso garrantzitsua da. La Platan, esaterako, plaza nagusian, alde batean katedrala dago, beste aldean udaletxea eta plaza horren erdian Gernikako arbola dago, 1957an landatutakoa. Hemen frankismo bete-betean ginenean, han arbola landatzen ari ziren. Han dagoen oinarria oso sendoa da.
Hortaz, nola ikusten gaituzte han? Niri gehiago harritzen nau nola ikusten ditugun guk haiek.
Iruditzen zaizu diasporarekiko dugun harremana gehiago landu beharko litzatekela?
Zalantzarik gabe. Nire ustez oso esparru zabala dago lantzeko bai enpresa munduan, bai eskolen artean, kultura arloan… Gainera, gurea bezalako herri txiki batentzako oso garrantzitsua da teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak ere aprobetxatzea. Internetekin Argentina ez dago horren urruti. Beste edozein herrik gurea bezalako diaspora bat izango balu, demagun, katalanek izango balute, inbidiatan egongo ginateke. Bada, guk daukagu eta sekulakoa da. Diasporako euskaldunek lotura oso indartsua dute gurekiko eta zubigintza lanean sakontzea ezinbestekoa da.
Ematen ari zaren ikastaroan zein alor jorratzen dituzue euskara klaseetatik aparte?
Ikastaroaren izena
Lengua y Cultura vasca da. Alde batetik, hizkuntza lantzen dugu. Eta beste aldetik, Euskal Herriko kulturaren hainbat alor jorratzen ditugu. Adibidez, hemengo inauteriak, dantzak, musika… Gaurkotasunezko gaiak jorratu ditugu eta tailer desberdinak antolatu dira. Txalaparta tailerra egin dugu, baita zine ziklo bat ere. Bestalde, hainbat hitzaldi antolatu ditugu. Fito Rodriguez idazlea eraman genuen, Toti Martinez de Lezea idazlea ere bertan izan zen, Elena Odriozola ilustratzailea, politikariak, bertsolariak… Argentinara doan jendea han dagoela aprobetxatzen saiatzen gara, unibertsitatean solasaldiak antolatzeko. Bertako euskal komunitatean ere jende interesgarri asko dago eta haiei ere eskatu diegu hitzaldiren bat edo beste.
Zerk bultzatu ditu zure ikasleak euskara klaseetara eta euskal kulturari buruzko ikastarora?
Gehienak euskal jatorriko argentinarrak dira eta uste dut orain erronka dela euskal jatorririk ez dutenengana iristea.
Oso bitxia da batzuek behar handiagoa sentitu dutela euskara ikasteko, beste edozein hizkuntza ikastekoa baino, ingelesa barne. Konturatzen zara hala dela euskal etxeetan eta Euskal Herriarekin dituzten kontaktuetan. Harreman horiek pisu handia dute haien egunerokotasunean. Bestalde, euskarak han prestigioa du. Hemen duena baino handiagoa.
Berdin gertatzen da beste hizkuntza gutxituekin ere?
Kuriosoa da euskarari prestigioa aitortzen zaiola baina bertako jatorrizko hizkuntzekin ez dela horrela gertatzen. Han komunitate guaraniak ezagutu ditugunean adibidez, eta oso egoera kezkagarrian daude Argentinan, konturatzen zara gizartean talde horiek oso baztertuta daudela. Argentinako zenbait euskal girotan esaten duzunean gu Europako guaraniak garela, inondik inora ez dute identifikatzen euskalduna guaraniekin edo maputxeekin. Euskaldunok, gure txikitasunetik eta biziraun nahian gabiltzalako identifikatuta sentitu gaitezke herri indigenekin, baina Argentinako euskaldun batzuentzako ikuspegi guztiz berria da.
Aurten Euskal Astea Macachín herrian antolatu da. Izan al zara bertan?
Bai. Argentinako panpan dago herria eta bertan bada pisu handiko euskal etxe bat, hotela ere badena, Euzko Alkartasuna izena duena. Euskal Astean herrialde guztiko dantzariak elkartzen dira eta ni ez naiz sekula dantzaria izan baina aurten La Platako dantza taldean hasi naiz eta bertan dantza egin genuen. Nola diren gauzak, hemen egitera animatu ez nintzen gauza bat han egin dut.
Argentinako Idiazabal herrian egon al zara?
Bai, Idiazabalgo lagun batekin joan nintzen herria ezagutzera. Cordobako probintzian dago eta hemengo Idiazabal herriarekin dago senidetuta. Herri txiki eta polit bat da. Orain dela gutxi albiste izan da uholdeak izan direlako.
Familia ere baduzu han, ezta?
Bai. Aitaren lehengusu batzuk ditugu han. Idiazabalgoak, Akutain baserrikoa emaztea eta Zabaraingoa gizona. Urte asko daramatzate han, gazterik joan ziren. Haiekin elkartzeko aukera izan dut. Oso emozionantea izan da han elkartzea eta haien etxea ezagutzea.