«Orkestrarako lan bat moldatu gabe jotzea, ‘hemos nacido para ver once’ esatea litzateke»
Aitor Furundarena (Ordizia, 1970) konpositore, akordeoilari eta musika irakaslea da. Durangoko Azokan, ‘Bi poliedro’ diskoa aurkeztu du Garikoitz Mendizabal txistulariarekin batera.
Duela aste gutxi aurkeztu zenuen Garikoitz Mendizabal txistulariarekin batera, Bi poliedro izena duen diskoa. Nolako lana osatu nahi izan duzue disko bikoitz horrekin?
Garikoitzek eta biok urte batzuk generamatzan elkarrekin jotzen eta ikusi genuen unea iritsi zela errepertorioa berritu edo ziklo bati bukaera emateko. Oso gustura ari ginenez, proiektu berri bat abiatzea erabaki genuen. Aurretik elkarrekin grabatua genuen Arnasak diskoa azken hau baino heterogeneoagoa zen. Oraingo lanean gugandik gertuen sentitzen dugun bidea aukeratu dugu. Musika klasikoa eta tradizionala aukeratu ditugu errepertorioa osatzeko.
Diskoan hainbat konpositoreren obrak ageri dira: Guridi, Sarasate, Vivaldi, Gorosarri, Scarlatti… Zaila egin al zaizue hautaketa egitea?
Oso fase polita izan da. Errepertorioa aukeratzeko proba asko egin ditugu. Lan luzea izan da baina erraza egiten zaigu ados jartzea, lortu nahi dugun helbururako irizpideak garbi dauzkagulako.
Diskoan aipatzen duzue musikan mugak norberarenak direla tresnarenak baino gehiago. Poliedro hauek gehiago dira Aitor eta Garikoitzenak, txistuarenak eta akordoiarenak baino?
Bai. Askotan galdetu digute zer moduz uztartzen diren txistua eta akordeoia eta nik beti pentsatzen dut edozein instrumentu uztartzen direla ondo. Kontua da uztartu behar dituztenek hala nahi izatea. Bi instrumentu elkartzen direnean, bakoitzak bere tokia baldin badu eta bere funtzioa betetzen badu, ondo uztartzea lortzen da. Gakoa honetan erabat pertsonala da.
Uztarketa hori lortzeko moldaketa lana handia izan al da?
Lan handia egin dugu transkripzioan eta moldaketan. Badaude obra batzuk jatorriz pentsatu direnak instrumentu nagusi batentzako eta haren akonpainamendurako. Bikote harreman batean, bietako batek florero papera hartzearen parekoa da. Ez zait gustatzen harreman mota hori, eta Gari eta bion arteko duoa beste kontu bat da. Orduan, horrelako obra bat hartu dugunean biontzako obra bihurtu dugu. Ez da askotan pasatzen. Normalean, partitura dagoen bezala jotzen da. Nik uste dut akatsa dela. Hori da ‘hamaika ikustekoak jaioak gara’ itzultzerakoan ‘hemos nacido para ver once’ esatea. Orkestrarako idatzita dagoen obra bat dagoen bezala joko bagenu, ‘hemos nacido para ver once’ esaten ariko ginateke. Ikusi behar dugu partiturak zer esan nahi zuen eta hizkuntza hori gure tresnetara nola ekarri.
Diskoa Durangoko Azokan aurkeztu zenuten. Nolako harrera izan du orain arte?
Oso gustura gaude. Kontzertu bat eman genuen azokako areto batean eta bete egin zen. Oso toki goxoa jarri zuten jotzeko eta jende asko bildu zen. Diskoak ere saldu genituen, nik espero nuena baino dezente gehiago. Badakigu Durangoko Azokan batzuk asko saltzen dutela eta beste batzuk bat ere ez. Baina gurea ere saldu zen.
Musika klasikoa eta herri musika landu dituzue diskoan, baina hortik aparte, azken urteotan musika garaikidean murgilduta ere bazabiltza.
Bai, eta disko berri bat aterako dut hemendik hilabete batera edo. Azkeneko bost urteetan obra batzuk estreinatu dizkidate eta behin baino gehiagotan esan didate obra horiekin disko bat egin beharko nukeela. Formula polita iruditu zitzaidan konpositore lana eta Musikenen egiten ari naizen irakasle lana elkartzea eta beraz, obrak estreinatu zizkidaten ikasle eta ikasle ohiekin grabatu dut diskoa. Orain diseinu lanak ari gara bukatzen. Disko honek hamar obra bilduko ditu konpositore gisa, azken 25 urteetan egin ditudan lanen guztien arteko hautaketa izango da. Oso proiektu garrantzitsua da niretzat.
Azken urteetako obra horietako batzuk Johanne Altzuruku ezizenarekin sinatu dituzu. Zergatik sortu duzu ezizen hori?
Hainbeste lan desberdin egin ditudanez, obra garaikideak, musika klasikoa, telebistarako musika, antzerkirako, zinerako zerbait ere bai… Pentsatu nuen izen bat sortzea eta izen hori koherentea izatea estetiko, filosofiko eta musikalki. Orduan sortu nuen Johanne Altzuruku ezizena. Izenak badu bere istorioa. Johanne, nire ama Juana delako, Altzuruku Zuberoako herriarengatik eta horrez gain, generoz aldatzea ere oso dibertigarria iruditu zitzaidan.
Azken obrak naturaren elementuekin izendatu dituzu: Ur, Su eta Lur. Ze toki hartzen du izadiak zure musikan?
Johanne Altzuruku ezizenarekin sinatu ditudan lanek badute estilo jakin bat, baita pentsamolde jakin bat ere. Ikuspegi horretan funtsezkoa da naturarekiko lotura. Nire burua naturarekin sakon lotuta ikusten dut. Beraz, nola hasi Johanne Altzurukuren bidea? Bada, naturaren oinarrizko elementuekin.
Azken urteetan Musikene goi mailako eskolan zabiltza irakasle eta Hauspoz akordeoi elkarteko presidente ere bazara. Esparru horietatik, nola ikusten duzu akordeoiak gure musikan duen tokia?
Duela 30 urte jende askok ikasten zuen akordeoia, gehiegizko kopurua zela iruditzen zait. Ez zen oso egoera erreala. Orain ikasle gutxiago dago baina kopuru egonkorragoa da. Orokorrean, ez da kultur irakaskuntzarako momentu ona. Materialismoari eta kontsumismoari oso lotuta bizi gara. Ni positiboa izaten saiatzen naiz eta uste dut momentu honetan kultura irakasteko lana inoiz baino garrantzitsuagoa dela.