Aritz Elustondok 2020ra arte luzatu du Realarekin zuen kontratua
Aritz Elustondo beasaindarren kontratua 2020ko ekainaren 30 arte berritzeko akordioa lortu du Realak. Era horretan, aurretik sinatuta zuen 2017ko ekainaren 30a arteko kontratua hiru urtez luzatu diote.
Aritz Elustondo “pozik eta harro” dago. “Errealitate bihurtu den amets bat da, Reala dena eman didan kluba da. Erregeetako opari onena”, aipatu du Real Sociedad TV -ren aurrean. Momentu pertsonal onean aurkitzen da eta “berdin jarraitu nahi dut, entrenatzailearen konfiantzarekin eta lanean jarraituko dut lortzeko”. Beasaindarrak igandean garaipenarekin ospatu nahi du kontratu berria.
Beste aldetik, Realeko Loren kirol zuzendariak nabarmendu duenez, “Elustondok bere lanarekin hobetu du eta, gaur egun, bere errendimenduarekin entrenatzaileen konfiantza lortu du. Errendimendu hobezina erakusten ari da. Realaren filosofia, hemen hezi diren jokalariak lehen taldera iristea eta bere balorea erakustea. Berritze honekin, klubarentzat garrantzitsuak diren etorkizuneko planak indartzen dira”.