Kevin McLoughney irlandarrak urtebete darama Goierrin. Musika talde batekin etorri zen eta bertako bizimodua gustatu zitzaion. Egun, Mirandaolan lan egiten du: bera da azalpenak ingelesez ematen dituena.

Legazpiko oletan lan egiten zuten olagizonei etorkizunean milaka lagun beraien lantokia eta lanbidea ezagutzera etorriko zirela esan baliete, adarra jotzen ari zitzaizkiela pentsatuko zuketen. Baina erratuta egongo ziren. Mirandaolak jende asko erakartzen du eta horietako askok azalpenak ingelesez ematea eskatzen dute. Hori dela eta, Lenburrek atzerritar bat
fitxatu du kanpotik datozen turistei eta ingelesez ikasten duten haurrei azalpenak ingelesez emateko. Irlandarra da eta Kevin McLoughney du izena. Oraingoz ez da olagizon lanetan hasi, baina dagoeneko beraiek bezala janzten da.
McLoughney Dublinen jaio zen duela 49 urte. Urte askotan Londresen lan egin zuen, irakasle. Goierrin urtebete darama. «Hona musika talde batekin etorri nintzen lehenengoz eta Londres baino askoz ere gehiago gustatu zitzaidan: mendiak, jendea, janaria… Hori dela eta, duela urtebete hemen gelditzea erabaki nuen».
Zumarragako Ipintza etxean bizi da, Asier Aldamarekin batera. Lenburreko Olatz Condek Mirandaolan lan egitea eskaini zion eta baiezkoa eman zuen. «Ingelesa ikasten ari direnei, atzerritik etortzen diren turistei eta bertako enpresetara etortzen direnei Mirandaolaren berri ematen diet, ingelesez», azaldu du.
Dagoeneko, Mirandaolako burdinolaren historia primeran ezagutzen du. «Mirandaola asko gustatzen zait. Irlandan ez dut halako tokirik ezagutu. Olagizonen lana oso gogorra iruditzen zait, baina beharbada nik ere probatuko dut egunen batean. Zergatik ez?», amaitu du.
Lenburrekoek ez diote inongo eragozpenik jarriko, berarekin oso gustura baitaude. «Etengabe gure eskaintza berritu eta erakargarriago egin beharra dugu. Ikastetxeei produktu berri bat eskaini nahi genien, zer behar zituzten aztertu genuen eta ikastetxe askotan egunerokoan hiru hizkuntza lantzen dituztela ikusi genuen. Gure gaia Gizartea ikasgaian lantzen dute eta ikasgai hau ingelesez ematen dute. Hori dela eta, azalpenak ingelesez ematea erabaki genuen», aipatu du Lenburreko Olatz Condek.
Bera hasi zen lan horretan, baina ez zen konforme gelditu. «Lehen ahalegina nik neuk egin nuen eta irakasleek ondo egiten nuela esan zidaten, baina haurrak ez dira tontoak. Ingelesa ama hizkuntza duen pertsona bat jartzea egokiagoa dela iruditu zitzaigun eta McLoughneyren berri izan genuen. Legazpiko neska batzuekin mintzapraktika egiten ari zen eta Mirandaolan lan egitea proposatu genion. Baiezkoa eman zigun».
Haurrei ez ezik, Legazpiko enpresetara etortzen diren kanpotarrei ere ematen dizkie azalpenak. «Bilerak bukatu ondoren, asko hona etortzen dira haizea hartzera. Donostiara joatea baino erosoagoa da eta zuzenean hotelera joatea baino atseginagoa. Burdinola martxan jartzen dugu, trikitixa disko bat jartzen diegu, burdinolako suan erretako txorizoa ematen diegu eta Kevinekin hitz egiteko aukera dute».
Oso gustura daude irlandarraren lanarekin. «Oraindik ez daki asko burdinolei buruz, baina ez da beharrezkoa. Izan ere, burdinolak ez du azalpen handirik behar. Garrantzitsuena bisitariei beraien hizkuntza bera hitz egiten duen norbaitekin hitz egiteko aukera ematea da».
Olagizon frantsesa, poloniarra eta alemaniarra ere badituzte. «Norbaitek txinatar bat eskatzen badigu, txinatar bat ere lortuko dugu. Hizkuntza ezberdinak hitz egiten dituzten pertsonen zerrenda bat osatzen ari gara. Dena den, behar dugun hizkuntza hitz egitearekin ez da nahikoa, itxura egokia edukitzea ere beharrezkoa da: olagizon itxura izan behar du, jantzia ondo gelditu behar zaio, antzerki apur bat egiten jakin behar du, lotsa gutxi izan behar du… Kevinek, adibidez, txiste batzuk kontatzen ditu. Ez du burdinolaz bakarrik hitz egiten».
‘United Colors of Legazpi’
Burdinolak Nazio Batuen Erakundearen edo Benetton enpresaren iragarki baten antza hartu du. Mirandaolan Realean baino atzerritar gehiago daude dagoeneko. Duela 500 urteko olagizonek, berpiztuko balira, ezusteko ederra hartuko lukete: gorbatadun bat beraiei horrenbeste buruko min ematen zien burdinolan txistorra jaten eta hizkuntza arraro batean hitz egiten. Globalizazioa, mutilak, globalizazioa!