Areto futbol txapelketarekin "preso eta iheslari politikoen egoera salatu" du Ernaik
Astebukaeran Ernaik antolatutako areto futbol txapelketa jokatu da Ataunen, Auzoeta kiroldegian. Adin eta herri ezberdinetako hainbat taldek hartu dute parte, kirola eta aldarrikapena uztartuz. Ekintza horren bidez,
“euskal preso eta iheslari politikoen egoera salatu eta berauen etxeratzea aldarrikatu” dute.
Izan ere, “egoera makurra jasaten dute oraindik orain ehunka euskal herritarrek. Horren adibide dira mundu osoan zehar barreiatuta bizi diren iheslari politikoak nahiz Espainia, Frantzia eta Portugalgo 74 espetxetan dispertsaturik dauden 410 euskal preso politikoak. Hori gutxi ez nonbait, hainbat herritar epaituak izango dira datozen hilabeteotan. Egoera makur horren aurrean, guk argi dugu: gatazkari konponbidea eman eta pertsona ororen eskubide oro errespetatuko diren herri bat eraikiko badugu, ezinbestekoa izango da gatazkaren ondorioz etxetik urrun dauden euskal herritar oro etxean izatea”, dio Ernaik.
Bidalitako oharrean gaineratzen dutenez, “Estatuek, ordea, gatazkaren ondorioen auzia blokeatuz gatazka betikotu nahi dute. Arrazoia argia da: ukazioa, mixeria, eta ustelkeria baino ez dituzte eskaintzeko eta honenbestez, ez dute agertoki demokratikori nahi. Are, horren beldur dira. Estatu demofobiko eta ustel hauen aurrean euskal herritarrongan dago giltza. Erakutsi dugun legez, gazteon zeregina ere ezinbestekoa izango da egiteko horretan. Horregatik, astebukaerako ekimenari jarraipena emanez, preso eta iheslari politikoen aldeko dinamiketan parte hartzeko deia egiten dugu. Bide batez, larunbat honetan Baiona eta Bilboko kaleak betetzeko deia egiten dugu. Egunez egun eta esparruz esparru lan eginez, denon artean mugituko ditugu harriak!”