Gure Esku Dagok 6.000 sinadura jaso behar ditu Goierrin, galdeketarako
Ekainaren 19ko herri galdeketa ahalbidetzeko, hautesle erroldaren artean gutxieneko sinadura kopurua bildu behar du GED Gure Esku Dago dinamikak, babes edo legitimazio gisa. Goierrin denera 6.000 pertsonaren atxikimendua behar du, beheren jota beti ere. Urtarrilaren azkenera arte jarri du biltze epea.
Galdeketan parte hartzeko adina 16 urte da; 2016an adin hori betetzen duten guztiek —2000. urtean jaioak— eta zaharragoek bozkatu ahalko dute, nahiz ekainaren 19an oraindik 15 eduki. Babes sinadurak emateko ere adin hori ipini dute. Goierriko herriren batean erroldatua egon behar da, nahitaez.
Herri bakoitzean kopurua aldatu egiten da. 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, 16 urtetik gorako biztanleriaren %15ek eman behar du atxikimendua; 2.000-20.000 lagun arteko herrietan, %10ek.
Bakoitzak bere martxan eta antolamenduan bilduko ditu.
Bilketa handia, hilaren 16an
GEDren herrikako batzorde gehienak sinadurak biltzen murgildu dira. Erritmo «nahiko onean» doa, haien esanetan. Zumarraga-Urretxun, adibidez, bi egunean 400 lagunek eman dute sustengua. Hala eta guztiz, goierritar guztiei sinatzera joateko eskatu die Gure Esku Dagok.
Sinadura biltze orokor eta handi bat ere antolatuko dute, urtarrilaren 16an, larunbata. Asteburu horretan bilketan “kolpea” eman nahi du GEDk. Herrietan ekimen ugari antolatuko dituzte, horretarako.
Horrez gain, herrikako mahaietatik aparte, sektorekako bilketak ere gauzatuko dituzte, eskoletan, lantegietan edo beste arlo batzuetan. Norbere inguruan edo eremuan norbait sinadurak biltzen laguntzeko prest balego, bidea ipini du GEDk: goierri@gureeskudago.eus edo 689 584 594. Materiala eskura emango liokete, eta boluntarioak inguruan izenak biltzeko ardura soilik hartuko luke.
Ataunen eta Gabirian, etzi aurkezpenak
Gure Esku Dagok 2016ko erronken eta galdeketaren aurkezpenak egiten segitzen du, hein berean. Ostiralean Ataunen eta Gabirian antolatu dituzte saioak.
Ataunen, etzi 19:00etan da ekitaldia, Herri Antzokian. Sinadurak biltzeko, bestetik, lau egun izendatu dituzte: larunbat iluntzean Aian, jaian 11:30ean San Martinen, hilaren 15ean 18:00etan San Gregorion, eta 16an 12:00etan San Martinen.
Gabirian etzi 19:00etan izango da aurkezpena, kultur etxean. Anjel Oiarbidek hitz egingo du.
Lazkaon etzi 18:30ean irekiko dute lokala, Hirigoien 14an.
Sinadurak herrika
(Gutxieneko kopurua)
Altzaga 18
Arama 22
Ataun 128
Beasain 1.013
Ezkio-Itsaso 74
Gabiria 59
Gaintza 15
Idiazabal 176
Itsasondo 73
Lazkao 411
Legazpi 695
Legorreta 110
Mutiloa 30
Olaberria 115
Ordizia 705
Ormaiztegi 98
Segura 111
Urretxu 532
Zaldibia 116
Zegama 117
Zerain 31
Zumarraga 796
GOIERRI 5.443