Ormaiztegiko Errege zamalkadaren aitzindariak omendu dituzte
Udaletxepeko aretoa beteta zela, udalaren omenaldi xumea eta herritarren beroa jaso zuten, atzo, Ormaiztegiko Erregeen etorrera antolatzen hasi ziren herritarrek, edo haien ondorengoek. 1962an antolatu zuten lehendabiziko zamalkada. 54 urteko historia dokumentatu nahi du udalak, eta herritarrei datuak, izenak, argazkiak edo oroitzapenak emateko eskatu die. Hasieratik ez da urtero-urtero egin; hutsuneren bat egon da tartean. Baina azken 25 urtean etenik gabe ospatu da Erregeen zamalkada, eta “ohitura” bihurtu da dagoeneko herrian.
Jon Enrique alkateak diploma bana eman zien zamalkadaren aitzindariei. Haien lana eskertu zuen, baita bitarte guztian lanean aritu direnena edo ari direnena ere. 1962an, Don Gaspar apaiz eta Jose Mari Garmendia apaiz laguntzaile —eta benetako bultzatzaile— zirela hasi zen desfilea gorpuzten. Hiru Erregeen jantziak Donostiako Casa Angelitan alokatu zituzten, eta pajeentzat estalkiak egiteko oihala Ordiziako Cuesta dendan erosi zuten. Jaxinto Mendizabal eta Esperantza Irizar ezkonberrien etxeko gela huts batean egin zituzten joste lanak, herriko neska gazteek eta emakumeek.
Lehenengo urteko oroitzapen asko jaso dituzte. Izarra prestatu zuten Irizar lantegian. Elizako kanpandorrean zintzilikatu zuten. Argi ere egiten zuen, eta desfilearen garairako udal idazkariari kaleko argiak itzaltzeko eskatzeak ika-mika ere sortu zuen. Azkenean ametitu zuen.
Lehenengo estalpea Izuzkitza etxearen aurrean jarri zuten —eraitsi zuten gero—. Gerora, elizako ate handian ere bai. Astoa eta idia Pablo Gurrutxaga Xextero-k ekarri zituen. “Komeriak” ibili zituzten idia estalpean sartzeko, ez baitzen kabitzen. Atzeraka sartu zuten azkenean, “gozokiak emanez engainatuta”. Lehen urte hartan, elizako Jesus Haurtxo irudia erabili zuten.
Amabirjinaren eta San Joseren paperak Manolita Bizkaik eta Millan Irizarrek bete zituzten. Gehiagoren izenak ere zerrendatu dituzte. Hiru Erregeak, berriz, Jaxinto Mendizabal (Meltxor), Santi Oiartzabal (Baltasar) eta Pablo Lasa (Gaspar) izan ziren.
Urte hauetan guztietna aldatu ez dena ibilbidearen norabidea izan da. Hasieratik, Mendizabaldik behera iritsi izan dira Erregeak Ormaiztegira —atzo ere bai—. Nahiz eta lehen urte haietan bidezidorrean zuzenean behera jaisten ziren; gero, baserrietarako bidetik, eta azken urteetan autobide azpitik doan errepide berritik. Mendizabal baserrian jantzi ohi ziren Erregeak, geroago baita Tellerizarren (Karterone) ere. Desfileak toki jakinetan geldialdiak egin ohi zituen. Baserri horietakoei ere —Mendizabal Garakoa, Mendizabal Azpikoa, Tellerizar eta Sagastiberri— oroigarri-plaka bana oparitu die udalak.
Coral San Andres abesbatzako kide batzuek abestu zuten 1962ko zita hartan, eta txistulari Azpiazu, Letamendia, Mantzisidor eta Paskual Larrañaga atera ziren. Ormaiztegiko etorrera “izugarrizko berritasuna” izan zen 60ko hamarkada hasiera hartan. “Inguruko herrietatik, Beasaindik-eta, jende asko etorri zen ikustera”.
Adinean aurreratutako garai bateko haurrek, Erregeen zamalkada antolatzen hasi ziren behinolako gazteek, hunkituta eta esker onez jaso zuten herriaren omenalditxoa. Argazki zahar batzuk ikusi —gehiago jasotzeko deia egin du udalak—, eta aspaldi hasitakoari jarraipena ematera joan ziren ondoren guztiak: Erregeen zamalkada ikustera. Betiko ilusio eta poz berarekin.