Goierriko urtegien egoera ez da ona, baina ezta kezkagarria ere
Arriaran da ur gutxien daukana; bere edukieraren %41,01a bakarrik du beteta. Euria egiten duenean berehala errekuperatuko direla diote Gipuzkoako Ur KontsortziotikAzken egunotan egindako euri apurrek ez dute ase Goierriko urtegiek duten egarria. Urtarr...
Arriaran da ur gutxien daukana; bere edukieraren %41,01a bakarrik du beteta. Euria egiten duenean berehala errekuperatuko direla diote Gipuzkoako Ur Kontsortziotik
Azken egunotan egindako euri apurrek ez dute ase Goierriko urtegiek duten egarria. Urtarrilean aurrera doa egutegia, eta Lareok, Arriaranek eta Barrendiolak garai honetan ohikoa den baina ur gutxiago dute. Larrialdi egoeran dago lehena, alerta egoeran bigarrena eta aurrealertan hirugarrena.Hala ere, urtegien kudeaketa daraman Gipuzkoako Ur Kontsortzioko arduradunek ez dute alarmarako arrazoirik ikusten, urteko garai honi dagokion eguraldia eta euria hasten denean, «laster errekuperatuko direlakoan» daude eta. Badaezpada, ordea, prest dituzte «egoera okerrera joanez gero neurriak hartzeko azpiegiturak». Horrela azaldu du Jose Saizar teknikariak: «Azpiegiturak prest ditugu urtegien artean transbaseak egiteko, baina ez dugu uste beharrezkoa izango denik, euria egiten hasten denean, egoera normaldu egingo delako».
Lareo egoera okerrenean
Lareokoa da Goierriko urtegietatik egoera okerrenean dagoena. Ataungo urtegiak 1.514ko biztanlegoa hornitzen du, eta atzoko datuen arabera, bere edukiera osoaren 2.230.000 metro kubiko%58,93a du bakarrik urez beteta. «Ura badago», dio Saizarrek, «baina garai honetan ohikoa den baino gutxiago». Larrialdi egoera ezarri dute Lareon, «baina ur eskasiagatik baino gehiago, estatistikek bultzatuta». Iazko datuei erreparatuta, Lareoko urtegia %100,19an zegoen garai honetan, %100,28an 2014an eta 2013an, eta %82,97an 2012an. Aurtengoan nabarmen beherago dago, beraz, ur-maila, eta Saizarrek esan duenez, «azken 12 urtetik hona, bigarren edo hirugarren daturik okerrena da».
Arriaranen %41ean
Proportzioan, Lareok baino ur gutxiago du Arriarango urtegiak: %41,05. Alerta egoeran dago, ordea. Beasaingo urtegi honek 36.398 biztanle hornitzen ditu, eta 3.013.000 metro kubiko onartzen ditu. Erdia baino gutxiago du beteta, eta agerian ditu paretak, baita lokatz eta adar ugari ere bazterretan.
Iazko datuekin alderatuta, ur erdia baino gutxiago du Arriaranek aurten. 2015ean %94,36a zuen beteta: %99,11 zuen 2014an garai bertsuan; %99,74a 2013an eta %87,34a 2012an.
Arriarangoak eta Lareokoak bezala, Barrendiolakoak ere urte hasieran eduki ohi izan duena baino ur gutxiago dauka. Baina egoera hobean dago.
Barrendiola ia beteta
Aurrealerta egoeran dago, ordea. Legazpiko urtegiak 26.015 biztanle hornitzen ditu eta bere 1.482.000 metro kubikoetako edukieratik %87,99a du urez beteta orain.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Jose Ignacio Gil da Barrendiolako urtegiaren arduraduna, eta datuak oso kezkagarriak ez direla adierazi du, «ohikoak ez badira ere». Gilek azaldu duenez, «azaroan agorraldia amaitu egiten da, eta euria eta elurrarekin urtegietan ur-kota igotzen hasten da. Barrendiolaren kasuan, urtarrilean gainezka egoten da. Aurten ez». Uraren maila gainezkatze lerrotik bi metro beherago dago, eta hori «ezohikoa da». Dena den, Saizar bezala, euria egiten hasten denean guztia bere onera itzuliko dela uste du Gilek ere.
Euri gutxi udazken-neguan
Azken asteotako euri falta da Goierriko urtegien ezohiko egoeraren erruduna. Legazpin AEMET Estatuko Meteorologia Agentzirako datuak biltzen dituen Alonso Francesek ez du azken urteotan aurtengoa bezalako udazken eta negurik ezagutu: «Nik 20 urte daramatzat datuak jasotzen, eta ez dut negu hau bezalakorik ikusi. Uda oso luzea joan da, eta uztailetik gaur arte euri gutxi egin du, bereziki abenduan: 9 litro eskas». Abenduan «normalean 100-200 litro egiten ditu». Elurrik ere ez du egin «azaroan eta abenduan ohikoa den bezala, Aizkorrin behintzat».
Urtea euriarekin hasi da, baina «oso gutxi egin du». Iaz 300 litrotik gora jaso ziren urtarrilean. Ea aurten ere egiten duen. Urtegiak zain daude.