Mirentxin, elkartasun gidariak
Elkartasunak jarri zituen errepidean. Euskal preso politikoen senideei bisitak egiten laguntzen dien boluntario taldea da Mirentxin Gidariak. Goierri mailan 20 bat gidari aritzen ...
Elkartasunak jarri zituen errepidean. Euskal preso politikoen senideei bisitak egiten laguntzen dien boluntario taldea da Mirentxin Gidariak. Goierri mailan 20 bat gidari aritzen dira borondatezko lan horretan, baina gehiago behar dira.
Seniderik ez bisitarik gabe. Lema horrek ezinhobeto laburbiltzen du Mirentxin Gidariak taldeko boluntarioen lana. Euskal preso politikoen senideei kartzeletara egin beharreko bisitetan laguntzeko sortu zen elkartea. Eta egun, dozenaka lagunen borondatezko lanari esker, senide horietako askok badute bidaidea, asteburuero dispertsioaren errepideetan barrena egin beharreko milaka kilometrotako bidean.
Euskal Herrian barrena hainbat gidari talde sortu dira; horietako bat da Urretxu-Zumarragakoa. Pixkanaka hazten joan den taldea da, eta aurten laugarren urtea egingo dute lan horretan.
Jone Arkauz eta Andoni Biain taldeko kideetako bi dira. Euskal presoen eskubideen alde lan egindakoak ziren biak, baina «senideekin beste harreman bat izan eta zuzenean eragiteko gogoa» zuten. Hala ezagutu zuten Mirentxin Gidariek egiten zuten lana, eta buru-belarri sartu ziren. «Jakin genuen Oñatin bazela Mirentxin gidari talde bat». Haiekin harremanetan jarri eta berehala hasi ziren elkarlanean. Hurrengo pausoa, Urretxun eta Zumarragan taldea sortzea izan zen. «Mirentxin gidari taldeak nola funtzionatzen zuen azaltzeko hitzaldi bat egin genuen hemen, eta uste baino jende gehiago animatu zen, zerrenda bat osatu genuen, eta harrezkero urtero egin dugu. Aurten laugarren urtea izango dugu».
Borondatezko lana
Mirentxin Gidarien lana erabat borondatezkoa da. Eskatzen den bakarra, urtean behin asteburu bat hartu eta bidaia bat egitea da. Andoni Biainen arabera, «urte hasieran antolatzen da eta hartzen den konpromisoa da urtean asteburu bat horretarako gordetzea. Aurtengoak adibidez banatu ditugu, eta boluntarioek badakite 2016an zein asteburu tokatuko zaien». Urtean behin biltzen dira, eta han egiten dute urte osoko irteeren banaketa. Gero, taldeko arduradunak asteko bidaia egitea tokatzen zaien gidariekin biltzen dira, senideei eta bidaiari buruzko informazioa emateko.
Nazio mailako egitasmoa da, eta bidaiak, Etxeratekin elkarlanean antolatzen dira. Gidarien lana ostiral iluntzean hasi ohi da. Aurrena, furgonetaren bila joan behar izaten dute. Guztira 9 ibilgailu ditu Mirentxin Gidarien elkarteak. Haietako bat hartu, eta senideen bila joaten dira gero. Behin haiek jasotakoan, bataz beste 1.600 kilometroko bideari ekiten diote.
Gogorra, baina polita
Mirentxin Gidarien lanak, euskal preso politikoen errealitatea gertutik eta beste era batera ezagutzeko aukera eman die boluntario gazteei. Biainen hitzetan, «bidaia bat egiten duzunean ikusten duzu zein gogorra den senideentzat, urtetan edo hainbat hamarkadatan, astebururo errepidera atera eta horrenbeste kilometrotako bidaiak egitea. Zigor bikoitza da haientzat, mendeku bat».
Uste berekoa da Arkauz ere. «Senideekin jolasten dute, dispertsioarekin senide dituzten presoak ikusteko zailtasunak jartzea besterik ez baitute lortzen. Eta kontuan izan behar da arriskutsua dela astero horrelako bidaiak egitea 40 minutuko bisita bat egiteko. Ze hemen jendea hil da errepideetan». Bidean zehar ere «denetariko egoerak» aurkitu izan dituzte, batzuk oso gogorrak. «Senarra bisitatzen 20 urte daramatzan emakume bat, orain semea ere bisitatzera joaten ikustea, adibidez».
Familiarentzako oztopo garrantzitsua izateaz gain, dispertsioarekin edota argazkiak erakustearen debekuarekin «presoa deuseztea» bilatzen dutela azaldu dute, «errealitatetik kanpo utzi eta ikusezin bilakatu». Horregatik, egoera horren aurrean «borrokatu» egin behar dela uste dute, «bakoitzak bere esparrutik eta ahal duen eran».
Egoera gogorrak ikusi arren, senideekin zuzeneko harreman hori izatea betetzen duen zerbait dela azaldu dute biek. Biainek azaldu duenez, «gidariei bidaia zer moduz joan zaien galdetzean, normalean denak nekatuta etortzen dira, baina pozik bizitakoarekin, senideak ezagutzeaz gain, bidaietan sortzen den giroa ere oso polita izaten baita. Senideek. gainera, asko eskertzen dute, eta zentzu horretan oso aberasgarria da».
Boluntario bila
Urretxu-Zumarragako Mirentxin Gidarien taldean 20 bat lagun ari dira boluntario lanean. Kopuru txarra ez bada ere, jende gehiago bildu nahi dute. «Aurten 14 bidaia ditugu hartuta, eta horiek egiteko 28 lagun behar ditugu». Izan ere, bikoteka antolatzen dituzte bidaiak, gidari bakarrak egiteko distantzia luzeegiak direlako.
Taldea Urretxu-Zumarragan finkatuta badago ere, «Goierri beheko jendea ere» animatu da bidaiak egitera. Hori ikusita, beraien asmoa taldea Goierrira zabaltzea dela azaldu du Arkauzek. Egitasmoan parte hartzeko prest dagoenak, gidari bezala edo beste edonola lagunduz, mezu bat bidal dezake mirentxingidariak@gmail.com helbide elektronikora.
Dispertsioaren datuak
413 preso politiko. Gaur egun espetxean dauden euskal preso politikoen kopurua da. Gehienak, Espainiako eta Frantziako kartzeletan sakabanatuta daude. Horien artean, 17 dira preso goierritarrak.
1.600 kilometro. Preso politikoen senideek, bataz beste 1.600 kilometro egin behar dituzte asteburuero; kasurik okerrenetan, 2.200 kilometrotik gora ere bai.
Joseba Arregi (Legazpi) Villena (Alacant) 707 km.
Iban Apaolaza (Beasain) Alborote (Granada) 832 km.
Lierni Armendariz (Beasain) A lama (Pontevedra) 720 km.
Rufino Arriaga (Ordizia) Puerto I (Cadiz) 1132 km.
Mikel Azurmendi (Beasain) Picassent (Valentzia) 598 km.
Ainhoa Barbarin (Urretxu) Picassent (Valentzia) 598 km.
Ismael Berasategi (Urretxu) Moulins Yzeure (Frantzia) 736 km.
Aitor Esnaola (Legorreta) Ocaña I (Toledo) 487 km.
Oskarbi Jauregi (Zaldibia) Picassent (Valentzia) 598 km.
Xabier Makazaga (Segura) A Lama (Pontevedra) 720 km.
Idoia Mendizabal * (Ordizia) Picassent (Valentzia) 598 km.
Pakito Mujika (Ordizia) Zuera (Zaragoza) 311 km.
Mikel Otegi (Itsasondo) Ocaña I (Toledo) 487 km.
Joseba Segurola (Urretxu) Murtzia 793 km.
Xabier Zabalo (Zumarraga) Puerto I (Cadiz) 1.132 km.
Belen Gonzalez (Lazkao) Etxean preso.
* Umearekin batera dago kartzelan