«Siriako errefuxiatuak hartzeko gogo falta salagarria da»
Asier Santillan (Urretxu, 1970) nazioarteko gatazketan aditua da. Balkanetan, Angolan eta Kolonbian lan egin zuen eta egun Brasilen bizi da. Europar Batasunarentzat ...
Asier Santillan (Urretxu, 1970) nazioarteko gatazketan aditua da. Balkanetan, Angolan eta Kolonbian lan egin zuen eta egun Brasilen bizi da. Europar Batasunarentzat lan egiten du.
Nolatan nazioarteko gatazkekiko halako jakinmina?
Urretxuko Gurutze Gorrian hamar urte pasa nituen boluntario gisa eta Zuzenbidea ikasi nuenean Nazioarteko Zuzenbide Publikoak liluratu egin ninduen. Beraz, 1992. urtean Bosniara joateko aukera izan nuenean, ez nuen asko pentsatu eta ia bi hilabete pasa nituen gerratearen biktimekin lan egiten eta bizitzen.
Esperientzia honek munduko ateak ireki zizkidan eta bizitza beste ikuspegi batetik ikusten hasi nintzen. Argi nuen giza eskubideen arloan lan egin nahi nuela. Euskal Herrian giza eskubideen arloa oso politizatua egon da beti eta ni bezalako heterodoxo batentzat ez zegoen lekurik. Beraz, kanpora begiratu behar izan nuen. Deustun eta Alemanian master bat egiteko beka bat lortu eta Balkanetara itzuli nintzen.
Zer egin duzu ordutik?
2000. urtean Euskadira itzuli nintzen ELA sindikatuarekin lan egitera, baina ez nintzen moldatu. Lan taldean arazoak aztertu eta erabakiak hartzera ohituta nengoen, eta ez nagusi bati beti ‘bai’ esatera. Handik gutxira, Nazio Batuek Angolan lan egiteko deitu zidaten eta ondoren Kosovora bueltatu nintzen. 2007. urtean Europar Batasunak (EB) Kolonbian lan egiteko aukera eskaini zidan eta orain EBrekin Brasilen nago.
«Kolonbiako negoziaketen hasieran laguntzeko aukera izan nuen»
«Memoria ofiziala adostea ondo dago, baina gizarteak prozesuan parte hartu behar du»
«Kapitalismo ase ezinari dagokionez, arauak jarri behar dira: piztiei mugak jarri behar zaizkie»
«Beti defendatu ditut Europar Batasuna eta bere oinarriak, modan ez dagoen arren»
Zeintzuk dira bizi izan dituzun une latzenak eta pozgarrienak?
Latzena, lagunak edo lankideak galtzea da. Ezagunak galdu ditut Afganistanen, Sirian eta Iraken. Lagun asko ditut hango aferetan eta hain ezagunak ez diren beste leku arriskutsu batzuetan. Azken aldi honetako une pozgarriei dagokienez, Kolonbiako gobernuaren eta FARC-en arteko akordioa azpimarratuko nuke. Negoziaketen hasieran laguntzeko aukera izan nuen eta poztasunez ikusten dut prozesua aurrera doala. Dena den, akordioen exekuzioa oso zaila da eta horrek urduritasun eta kezka handiak sortzen dizkit.
Egun Brasilen bizi zara. Zertan zabiltza?
Argentinan, Brasilen, Txilen, Uruguain eta Venezuelan ditugun garapenerako programak jarraitzen ditugu. Giza eskubideak, gobernu onak eta zuzenbide estatua sustatzea da gure lana. Bertako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin eta unibertsitateekin lan egiten dugu. Leku lasaia dela badirudi ere, arazo larriak daude: poliziaren indarkeria, arrazakeria, genero indarkeria eta indigenen aurkako indarkeria, esaterako. Prentsa askatasunaren eta informazio eskubidearen aldeko, ustelkeriaren aurkako eta migrazioaren inguruko proiektu asko ditugu. Oso gustura nago.
Nola ikusten da Euskal Herria Brasildik?
Europako egoera ekonomikoak urduritasuna sortzen dit. Gobernuek nahiko gaizki jokatu dute herritarrekin eta honek ondorio larriak ekarri ditu. Luzera, aldaketa sakonak ez badaude, ondorio larriagoak ekarriko ditu. Desberdintasunak gehiegi handitu dira eta zerbitzu publikoetan, hezkuntzan eta justizian murrizketa larriak egon dira. Brasilen antzeko egoera batean murgiltzen hasi gara.
Bestetik, ETAren su-etenaren inguruan, itxaropentsu eta harrituta nago. Itxaropentsu, azkenean, ETAk indarkeria baztertzeko erabakia hartu zuelako. Bere irauteak sekulako eriak eta minak sortu ditu gure gizartean eta, behingoz, beste gizarte bat eraikitzeko erronkaren aurrean gaude. Bestalde, gizarte zibila ez dut oso mobilizatuta ikusten eta horrek harridura sortzen dit. Erakundeak eta alderdi politikoak dira berradiskidetzea, memoria, egia… kudeatzen ari direnak eta ez dakit hori ona den. Memoria ofizial bat adostea ondo dago, baina gizarteak memoria honen eraikitze prozesuan parte hartu behar du. Erakundeek udalei txostenak ematen dizkiete eta alderantziz izan beharko litzateke.
Nola ikusten duzu mundua?
Mundua nahiko nahastuta ikusten dut. Siria, Irak eta Afganistango egoeraren erantzuleak asko dira eta batzuk ez ditugu oso urruti, baina isil-isilik jarraitzen dute eta gizarte zibilak ez die konturik eskatzen. Kapitalismo ase ezinari dagokionez, arauak jarri behar dira: piztiei mugak jarri behar zaizkie. Bestela, jan egingo gaituzte.
Nola ikusten dituzu Siriako afera eta errefuxiatuena?
Europako estatuek askoz ere hobeto erantzuteko medioak dituzte. Gogo falta, salagarria da. Gerra Europatik oso gertu dago. Bitartean, zertan ari gara? Ostrukarena egiten?
Komunikabideei dagokienez, gaurko informazioa Bosniako gerraren garaikoa baino arinagoa da. Garai hartan, Bosniako gerrarekin gosaldu, bazkaldu eta afaltzen genuen. Irudi haiek tripetako mina ematen ziguten. Mina tripetatik bihotzera, bihotzetik burura eta burutik poltsikora. Solidarioagoak ginen. Orain, berriz, zer ikusten dugu? Eztanda bat noizbehinka, tankeak, abioiak eta, batzuetan, errefuxiatuak. Negu gorriko hotza, eztanden eragina, tankeen hots ikaragarria… ez ditugu ikusten, ez entzuten, ez sentitzen.
Etorkizunari begira, ze asmo dituzu?
Doktoregoa amaitzen ari naiz. Balkanetan egondako urteetan ikasi eta ikusitakoak jaso ditut. Bestalde, modan ez dagoen arren, beti defendatu ditut EB eta bere itunek jasotzen dituzten oinarriak. Giza eskubideen, demokraziaren eta garapenerako elkartasunaren defendatzaile sutsua naiz. Euskaltasuna oinarritzat hartuta, oso europarra sentitzen naiz. Hala, EBrentzat lan egiten jarraituko dut.
Bestalde, kanpoan egoteak ez du esan nahi gure eguneroko arazoak ahazten ditudanik. Rights International Spain (RIS) Gobernuz Kanpoko Erakundean lan egiten dut: memoria historikoaren eta justizia internazionalaren alde lan egiten dugu eta zuzenbide estatuaren aurkako ekintzak salatzen ditugu. Esate baterako, Mordaza legearen aurka jo dugu. Justizia sistema independentea behar dugu, Euskal Herrian pairatu ditugun indarkeria mota guztiekin eta giza eskubideen urraketekin bukatzeko.