Kopatik kanpo gelditu da Ampo Ordizia, Alcobendasen aurka galduta
Espainiako Errege Kopako ibilbideari agur esan dio Ordiziak, asteburuan etxean Alcobendasen kontra galdu eta gero. Partidu parekatua izan zen, eta Kellyren mutilek 70. minutura arte eutsi bazuten ere, azken minutuetan egindako bi akats garesti ordaindu zituen etxeko taldeak. Alcobendasek hiru entsegu egin eta 13-32 irabazi zuen.
Talde madrildarrak bere jokalarien fisikoa aprobetxatu zuen, kontaktu handiko jokoa bilatuz, eta indarrean eta gorpuzkeran etxeko taldeari gain hartuz. Lehen zatian bi taldeak aritu ziren erasoan, eta 13-15eko markagailuarekin joan ziren aldageletara. Bigarren zatian ordea, Ampoko jokalarien desgaste fisikoa gehiago nabaritu zen, eta Alcobendasek ondo aprobetxatu zuen beheraldi hori.
Kopari agur esanda, Kellyren mutilek ligan zentratzea gelditzen zaie. Datorren astean Katalunia aldera joko dute, Santboiana taldearen kontra jokatzeko. Eta bi aste barru, atzera Alcobendasen bisita jasoko dute Altamiran; errebantxa hartzeko aukera ona izan daiteke.