Libre gelditu dira 04/08 auziko bost goierritarrak
Segurako polizia operazioaren harira zabaldutako 04/08 sumarioa ixtear da. Epaiketa bi hilabetez gehiago luzatzekoa bazen ere, defentsak, akusazioak eta fiskaltzak akordioa lortu dute gaur, ezustean. Hala, 35 akusatuek ez dute kartzelara itzuli beharko, eta libre geldituko dira. Auzipetuen artean bost goierritar daude: Asier Imaz, Egoitz Apaolaza, Karmele Aierbe, Eusebio Lasa eta Peio Galvez. Dagoeneko utzi dute Auzitegi Nazionala, eta kalean dira denak.
Akusatuen defentsak eta fiskaltzak lortu dute akordioa, eta ezustean, akusazioak ere (AVT eta Dignidad y Justicia) onartu egin du testua. Hasera batean fiskaltzak hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen zuen akusatuentzat, baina zigorrak 18 eta 20 hilabete artera jaistea onartu du orain; baina denbora hori lehendik espetxean egina dutenez, ez dute berriz itzuli beharko.
Akordioak jasotzen duenaren arabera, fiskaltzak eta defentsak onartzen dute epaia 5 urtez luzatu dela, auzipetuek horren ardurarik izan gabe. Perituek aurkeztutako frogei uko egin diete. Auzipetuek, bere aldetik, bide baketsu eta demokratikoen aldeko apustua berretsi eta biktimen erreparazioa bultatzeko prest agertu dira.