Zirkoa joan egin da Zumarragatik, ez delako jenderik gerturatu
«Enzo Zavatta zirkoa, Zumarragan urtarrilaren 11n, 12an eta 13an». Hori irakur daiteke Urretxu-Zumarragako txoko ugaritan jarrita dauden karteletan. Atzo itxura tristea zuen, ordea, Kalebarreneko aparkalekuan montatutako karpak: ateak itxita zituen,
«Enzo Zavatta zirkoa, Zumarragan urtarrilaren 11n, 12an eta 13an». Hori irakur daiteke Urretxu-Zumarragako txoko ugaritan jarrita dauden karteletan. Atzo itxura tristea zuen, ordea, Kalebarreneko aparkalekuan montatutako karpak: ateak itxita zituen, eta langileak desmontatzen ari ziren. «Ez da jenderik gerturatu, eta joatea erabaki dugu», adierazi du Antonio Douchetek, zirkoko arduradunak.
Astelehenean ziren lehenengo emanaldia egitekoak, baina bertan behera utzi behar izan zuten jenderik joan ez zelako. Atzo, berriz, karpa desmontatzen hasi ziren eguerdirako. Doucheten ustez hainbat arrazoi egon daitezke jenderik ez animatzeko. Batetik, negua dela. Bestetik, Urretxun duela gutxi beste zirko bat izan zela, orain dela hilabete pare bat.
Familia bateko sei kide
Pariseko zirkoa da Enzo Zavatta, hiru helduk eta hiru haurrek osatua: Antonio bera, anaia, emaztea eta hiru seme alaba. Heurek egiten dituzte malabarismoak, akrobaziak eta pailazo lanak. Animaliarik ez dute. «Lehen bagenituen hauntzak, poniak… baina gero debekatu egin ziguten», azaldu du Douchetek. Haurrei zuzendutako ikuskizuna eskaintzen dute.
Batez ere, Frantzian eta Belgikan egiten dituzte emanaldiak. Azken hilabetean, ordea, Euskal Herrian dabiltza. Irunen, Villabonan eta Hernanin izan dira, besteak beste. «Orain beste herriren bat bilatu beharko dugu, eta ea han zorterik dagoen».