Argitaletxeen babesik gabe, hiru liburu kalean
Haurra zenetik irakurle sutsua izan da Aixa Vizuete (Zumarraga, 1989). Hamabost urte zituela, ordea, irakurri bakarrik ez, idazten ere hasi zen. «Burua ...
Haurra zenetik irakurle sutsua izan da Aixa Vizuete (Zumarraga, 1989). Hamabost urte zituela, ordea, irakurri bakarrik ez, idazten ere hasi zen. «Burua ideiaz eta istorioz beteta nuen, eta koaderno batean apuntatzen hasi nintzen», adierazi du. 26 urterekin, hiru eleberri ditu argitaratuta, laugarrena bidean eta bosgarrena idazten hasita.
Saga bat osatzen ari da Vizuete, Lirio de sangre izenekoa. Fantasia, ekintza, umorea eta misterio puntu bat dituzte bere eleberriek. Neskato nerabe bat da protagonista, akats burokratiko baten ondorioz mundu magiko batera eramaten dutena. «Ez da goi mailako fantasia, dragoiekin eta zaldunekin, baizik eta fantasia urbano bat», azaldu du Vizuetek.
Hasieran afizio modura hasi zen Vizuete idazten; idaztea ihesbide bat zen berarentzat. Gerora, ordea, ingurukoei bere idatziak pasatzen hasi zen, irakur zitzaten. «Orduan hasi nintzen idazten nuenarekiko ardura sentitzen, besteek irakurtzeak eskatzen duelako ondo idatzi beharra edo». Idatzitakoa argitaratzea gustatuko litzaiokeela pentsatu zuen egun batean, eta goitik behera berridatzi zuen dena.
Bere kabuz argitaratuta
Argitaletxeekin ez du zorterik izan Vizuetek, baina horrek ez du eragin bere idatziak kajoi bazterrean geratzea: diru apur bat bildu eta bere kabuz argitaratzea erabaki zuen. «Liburu batzuk saltzea lortzen dudanean, diru horrekin beste batzuk argitaratzen ditut».
Internetez saltzen ditu liburuak Vizuetek, baita azoketan ere. Eta uste baino harrera hobea izaten ari da. «Uste nuen nire liburuak nerabeek irakurriko zituztela, baina konturatu naiz helduek ere erosten dituztela, eta gustatu egiten zaie, gainera». Hori dela eta, adin guztietako jendeari gomendatzen dizkio bere liburuak.
Etorkizunean idaztea ogibide bihurtu nahi du Vizuetek. Eleberriak idazteaz gain, bideojokoetarako gidoiak ere idazten ari da orain, eta horrekin leku bat irekitzen saiatuko da.