Garingo mendi lasterketa, luzeagoa eta gogorragoa
Hilaren 24an jokatuko da San Sebastian jaien barruan.
Garingo mendi lasterketaren laugarren edizioa jokatuko da hilaren 24an, San Sebastian jaien barruan. 12:00etan hasiko da lasterketa.
Garingo Muñogain elkarteko antolatzaileek aurreratu dutenez, aldaketak egin dituzte ibilbidean, garai bateko bideetan barrena, bertako ingurunea ezagutzeko. Ondorioz, luzeagoa eta gogorragoa izango da aurtengo ibilbidea: 10,974 kilometro eta 754 metroko desnibel positiboa izango du. «Aurretik korrikalariak kexatzen zitzaizkigun lasterketa azkarregia zela esanez. Orain, tarte batean, aldapa gora, oinez igoko dira gehienak. Iazkotik desnibela bikoiztu egin dugu», argitu du Iñigo Andreu garindarrak.Hiru itzuli
Lehenengo bi itzuliak orain artekoak izango dira. Lehenengoa izango da motzena eta samurrena. Bigarrenean Arriarango urtegiraino jaitsiko dira. Hirugarrena, berriz, luzeena eta aldapatsuena izango da. Pagandietatik Mallutz azpira igo eta Agorta aldetik Oteñetik behera jaitsiko dira Garina. Helmugara sagastitik gora, iritsiko dira korrikalariak. «Garindik gora joanda, bista politagoak izango dituzte korrikalariek. Eta ikusleek ere, sagastiko aldapatik adibidez, ibilbideko hainbat zati ikusteko aukera izango dute», diote. Antolatzaileek zehaztu dutenez, lasterketaren une batzuetan, korrikalariak pasa daitezen, Mandubia aldera doan GI-2192 errepidea itxita egongo da.
Izena eman daiteke oraindik Garingo lasterketan, kirolprobak.com webgunean. 18 urtetik gorakoek har dezakete parte eta 200 korrikalarientzat dago lekua. Sariak lehenengo hiru gizonezkoentzat eta hiru emakumezkoentzat izango dira. La Lezeko gazta eta Garinen bertan egindako oroigarriak.