Maddi Noguera: «Musikatik bizi ahalko banu izugarria izango litzateke»
Sei abestiz osatutako Ezagutu, onartu, maitatu disko laburra argitaratu du Maddi Noguerak (Ataun, 1995). Jaioterrian eta Beasainen egin zituen zuzeneko lehen saioak abenduan.
Irailean hasi, eta hiru hilabeterako disko bat ondu duzu.
Diskoa aspalditik dator. Ez neukan helburu bat, baina konposatzen hasi nintzen. Jendea ikusten nuen, eta nik ere egin ahalko nuela pentsatu nuen.
Gustua hartu diozu, konposatzeari?
Bai. Terapia moduko bat da, askotan, barruak husteko. Nahi gabe ateratzen zaizu, espresatzeko era bat da, askorentzat den bezala. Nik suposatzen dut hori izango dela: zerbaitengatik konposatzen duzu. Bi urte izango dira kanta hauekin hasi nintzela. Ez da oraingo erabakia izan. Pixkanaka-pixkanaka, pausoka, borobiltzen joan den zerbait izan da. Hasieran ez neukan asmorik diskoa ateratzeko ere.
Eta nola atera zaizu aukera hau diskoa grabatzeko?
Dena lagunek egindakoa da. Ez naiz disketxe batera joan. Nik neure buruarentzat egindakoa izan da. Gustatzen zait, grabatzen hasitakoan saltseatzea: hau sartu, bestea sartu…
Lagun artean egindakoa izateak bere balioa ere emango dio, ezta?
Bai. Orain, egindakoa ikusita, perspektibatik begiratuta, zerbait desberdina bezala ikusten dut. Ez zait gustatzen beti-betikoan erortzea.
Nola definituko zenuke disko hau?
Sei abesti ditu. Bost nireak dira, eta seigarrena bertsioa; justu kontserbatoriora sartzeko egin nuen. Harako ere zerbait berezia egin nahi izan nuen, eta ahotsarekin eta baxuarekin egin nuen kanta txiki bat. Musika aldetik lasaia da, lasai antzekoa, baina ez lo hartzeko. Atera zaidana da, ez naiz soinu bat lortu nahian, edo halako estilora inguratu nahian ibili. Gitarra elektrikoa Pablo Sanchez ordiziarrak sartu du, eta bai, nabaritzen da bere jotzeko edo konposatzeko era.
Kolaborazio gehiago izan dituzu?
Bai. Perkusioa, arrautza batzuk-eta badaude; horiek Xabi Lopez bateria joleak sartu ditu. Baxuak nik sartu ditut, eta abesti batean bateria dago, eta hori Pablok sartu du. Ataungo Xabier Etxeberria Pitxu-k ere gitarra sartu du, asko lagundu dit diskoan.
Emaitzarekin gustura geratu zara?
Bai. Ez da zerbait perfektua. Lanean jarriz gero askoz gehiago borobildu liteke, baina ez dauka zertan perfektua izan beharrik ere. Emaitza polita da, naturala. Ez zaizkit gauzak oso koadratuak gustatzen. Zuzeneko batean izango balitz bezala; gitarran nota batek ihes egiten badit, bada, joan da eta kito.
«Konposatzea terapia moduko bat da, askotan, barruak husteko ere bai» «Diskoa ez da zerbait perfektua; gauza oso koadratuak ez zaizkit gustatzen»Zer erreferentzia dituzu? Estiloren bat, kantautoreren bat… Erreferenteak asko, eta estilo desberdinetakoak. Azken aldian, aurrekoan adibidez, Sorkun ikusten egon nintzen, eta pasada bat izan zen. Estilo hori oraindik gehiago daukat ezagutu beharra, mundu hori ez dut asko entzun. Musika hori entzuten orain dela gutxi hasi naiz. Napoka Hiria, adibidez. Bere momentuan izan zen, aditu eta maitemindu egin nintzen. Zerbait berezia daukate. Puskatzaileak direlako, agian? Ez dakit. Normala bezala etiketatzen den musika ere gustatzen zait. Sorkuntzan, konposaketan, zer moduz sentitzen zara? Batzuetan galduta. Konposatzen dut eskatzen didanaren barruan. Askotan, entseatzera joan, eta inspiratuta nago. Ez naiz jartzen egunero, bi ordu gitarra jotzen aritu, eta ea zer ateratzen den. Gogoa daukadanean hartzen dut, ez dut bilatzen. Non ikasi duzu musika? Zer ikasi duzu? Musika, aspalditik. Baina ikasten-ikasten, orain dela urtebete ere ez. Aurten sartu naiz. Musikan, aurretik, Lazkaon ibili izan naiz musika eskolan, eta ziren instrumentu guztiak pasatu ditut. Zaletua betidanik izan naiz. Izugarri gustatzen zait musika. Zer instrumenturi heldu diezu orain arte? Pianoarekin hasi nintzen. Fredi Pelaezek ematen zizkidan eskolak. Denboraldi batean gitarrarekin ere bai. Denak batera. Orduan, gitarrarekin nenbilela, pianoarekin konbo batean sartu nintzen, eta urtebete ere ez nuen iraun pianoarekin; urte erdira baxura pasatu nintzen. Ez dakit hori nola izan zen, edo zergatik. Fijazioren bat? Uste dut, hemen, herrikoren batzuekin taldea muntatzen, bajistarik ez zegoelako izan zela, eta «joko dut nik». Azkenean ez zen atera proiektua. Ez da betidanik liluratu izan nauen zerbait, baina hartu eta gustura. Gainera, gitarran ere laguntzen zidan. Beraz, oso gustura. Musika eskolan bai eduki nuen konbo bat; pare bat urte ibili ginen. Han baxua jotzen nuen, eta abestu. Nola gitarra banekien. Baxuak engantxatu egin zaitu. Orain horrekin segitzen duzu. Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan nabil, baxu elektrikoa ikasten. Unibertsitateko ikasketekin hasi nintzen, baina ez nuen nire burua ikusten. Musikatik jotzea erabaki nuen, eta horrako prestatzen duela pare bat urte hasi nintzen, gutxi gora-behera. Irailean hasi nintzen, lehenengo ikasturtean nabil. Lasai-lasai, zerotik hastea erabaki nuen, oinarri on bat edukitzeko. Korrikan ibilita ez da ezer lortzen. Zure pasioa da musika? Bai. Ez jotzea bakarrik. Kontzertuetara beti joan naiz, entseguak, soinu probak… Dena gustatzen zait. Grabatzearen mundua ikastea ere gustatuko litzaidake. Beste batek medikuntza aukeratzen duen bezalaxe, nik musikari heldu diot. Musikatik bizi ahalko banu, izugarria izango litzateke. Zuzenekoetan, zer moduz? Oso ondo. Oso arraroa izan da, orain mundu guztiak deskubritu nauela ematen du-eta. Musikaria naiz, baina ez zait gustatzen fokua ni izatea %100ean. Aurrerantzean baduzu beste saioaren bat lotuta? Lotuta ez. Bat igual Donostian, urtarril bukaeran. Lazkaon jotzeko asmoa ere badaukat. Ari naiz pixka bat muturra sartzen.