Igandean hasiko da Eire-Bankoa xake txapelketa
Igandean Eire-Bankoa xake txapelketaren 17. edizioa hasiko da. 16:30ean taldeak zozketatuko dituzte eta ondoren Urretxu eta Zumarragako Goierri kirol elkarteko xake jokalariek Legazpiko Santikutz taldeko jokalarien aurka jokatuko dute. Izen-ematea
Igandean Eire-Bankoa xake txapelketaren 17. edizioa hasiko da. 16:30ean taldeak zozketatuko dituzte eta ondoren Urretxu eta Zumarragako Goierri kirol elkarteko xake jokalariek Legazpiko Santikutz taldeko jokalarien aurka jokatuko dute. Izen-ematea zabalik dago oraindik. Igandean itxiko dute izena emateko epea. Parte hartzaile bakoitzak 8 euro ordaindu behar du eta kamiseta bat jasoko du opari. Langabetuek ez dute ezer ordaindu behar.
Izena emateko, Urretxuko Eire tabernara jo behar da edo 635 720 2 15 telefono zenbakira deitu. Xake txapelketa honetan nahi duten guztiek parte har dezakete: bai federatuek eta bai federatu gabeek. Helburua xakea ezagutzera ematea da. Partiden iraupenari dagokionez, jokalari bakoitzak ordubete izango du. Jokalari guztiek astean behin jokatuko dute. Arerioarekin adostuko dute partidaren eguna eta ordua. Eire tabernan jarriko duten taulan txuriz agertzen direnek, beltzez agertzen direnei deitu beharko diete eguna eta ordua jartzeko. Astelehenean bertan deitzea aholkatzen da.
Kanporaketen ondoren, final laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dituzte. Finala, beti bezala, udaberriko lehen egunetan jokatuko da. Bost sari banatuko dituzte. Irabazleak 200 euro, garaikurra eta txapela jasoko ditu. Bigarren sailkatuak 100 euro eta garaikurra jasoko ditu, hirugarrenak 50 euro eta garaikurra, herriko onenak 40 euro eta garaikurra eta herriko bigarren onenak garaikur bat.
Xakearen ingurukoak Urteroko moduan, Eire tabernako Txema Iriberrik xakearekin lotutako beste ekitaldi batzuk ere antolatu ditu, txapelketa dela eta. Hala, ButaK 21 zineklubaren eta Zumarraga eta Urretxuko Gazte Asanbladaren laguntzarekin, xakeari buruzko pelikula bat emango dute. Bestalde, Euskadiko Xake Federazioak hitzaldi bat emango du.