Lazkaon kantu-jira jendetsua egin dute goizean
Lazkaoko San Benito Ikastolak antolatuta, kantu-jira egin dute goizean. Euria dela eta, frontoiko estalpean egin behar izan dute saioa, baina hotza egin arren, azkar berotu dute giroa ikasleek. San Benitokoek ez ezik, Maizpide euskaltegiko hainbat ikaslek ere parte hartu dute saioan.
Gaur egin dute aurreneko saioa, baina hemendik aurrera, ostiralero biltzeko asmoa dute. Asteka txandatuz joango dira maila bakoitzeko gela ezberdinetako ikasleak. Egitasmoarekin “euskal kulturan hain sustraitua dagoen kantagintzari bultzada” eman eta adin ezberdinetako jendea elkarrekin kantuan jartzea lortu nahi dute.