Atzo egin zuten eskolaren inaugurazio ofiziala. Herritarren eraikina barrutik ikusteko aukera izan zuten, eta pintxoak banatu zituzten.
Aurreskua dantzatu zuten inaugurazio ekitaldiaren hasieran. / Arg.: Maialen Igartua
Ezkio-Itsasoko herri eskola berria irailaz geroztik dago martxan (urtebete udaletxeko ganbaran egin ondoren). Eraikinaren inaugurazio ekitaldi ofiziala, ordea, atzo eguerdian egin zuten. Ikuskaritzako, hezkuntza saileko eta Berritzeguneko ordezkariak izan ziren ekitaldian, baita Zumarragako alkate Mikel Serrano ere. Herritar asko bertaratu ziren, eta benetan hunkigarria izan zen.
Inaugurazio ekitaldi batean bestela ezin, eta aurreskua dantzatuz hasi ziren. Ezkion bizi den
Mikel Mendizabal bertsolariak hainbat bertso bota zituen gero, eta alkateak hartu zuen hitza. Garikoitz Aiestaren hitzetan, Ezkio-Itsaso
“denbora gehiegian” egon da eskolarik gabe, eta herritarren lanari esker lortu da proiektua aurrera ateratzea. “Horixe da gure xedea eta lan ildoa: herrigintza egitea eta herritarrei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzea”.
Eraikinaren barruan jarraitu zuen ekitaldiak. Eskolako hainbat haurrek Txulalai dantza egin zuten, herritarren txalo eta algara artean.
Benito Lertxundiren Zenbat gera abestia ere denen artean abestu zuten, haur, heldu eta irakasle. Letra egokituta abestu zuten kanta ezaguna, eskolari erreferentzia eginez. Topa tabernako pinxoak janez amaitu zuten ekitaldia.