San Migel desagertua
Ormaiztegin izan zen San Migel ermita bat, gaur egun Sagastiberri Goikoa baserria dagoen tokian. 1930eko hamarkadan erre zen jatorrizko etxea, eta orduan desagertu ...
Ormaiztegin izan zen San Migel ermita bat, gaur egun Sagastiberri Goikoa baserria dagoen tokian. 1930eko hamarkadan erre zen jatorrizko etxea, eta orduan desagertu zen santuaren irudia. Historia luzea du baseliza horrek.
Ormaiztegiko jatorrizko erlijio gunea izan San Migel ermita. Sagastiberri Goikoa baserria dagoen lekuan zegoen, gaur egungo San Andres herri eskolaren atzean. Duela 80 bat urte arte Sagastiberri baserri bakarra zegoen: 1930eko hamarkadaren hasieran erre egin zen, eta gero hiru Sagastiberri eraiki zituzten. Goikoan, baseliza zaharraren aztarnak mantendu dituzte.
Ermitaren atea eta aurreko horma han dauzka, oraindik. Baserria lehengo hondakinen gainean altxatu zuten, 1934an. Harlanduzko arku borobildua du ateak, eskuin aldera gurutze bat zizelkatua dago. Etxe barruan aurkitzen da gaur egun horma hori, garajean, eta kanpotik ezin da ikusi.
Iartza familiaren jabetzakoa izan zen San Migel ermita —eta haren gainean egin zuten Sagastiberri baserria—, bostehun urtean baino gehiagoan. XX. mendearen hasieran saldu zuen Adan de Iartzaren familiak. Bostehun urte atzerago, beste jabe bati erosia zen.
Etxearen eta ermitaren nagusi izan zen familia Bilbora joan zen, «Sagastiberriko duke» titulua hartuta.
Ermita izan zen, garai batean. Irigoienek Ermitas e iglesias de Guipuzcoa bilduman dioenez, Ormaiztegiko eliza bakarra izan zen San Migel. Ez beste ermitarik, ez batere hilerririk ere. «Hildakoak bizkarrean Antzuolaraino eramaten zituzten, Ormaiztegin ez baitzegoen beste elizarik edo hilerririk», idatzi zuen Irigoienek.
Santuaren irudia falta
Sagastiberri baserri zaharrak eliza bere barruan hartu zuen. Santi Oiartzabalek ez zuen ezagutu, bera jaio baino lehenago erre zelako. «Baina Ormaiztegiko apaiz Don Jeronimorekin —Beasainmendikoa zen— konjurua egitera joaten ginenean, gu monagillo, beti hara joaten zen, eta begira egoten zen, barrura sartuta. ‘Hona jendea oraindik etorri behar dik, hau ikustera. Honek izugarrizko historia zeukak’, esaten zigun», gogoratzen du Oiartzabalek.
Santuaren irudia ere bazela dio Oiartzabalek. Baina falta da. Baserria erre zenean desagertu zen. «Gure etxean esaten zuten Ormaiztegikoren batek edukiko zuela santua. Zeren, gero, goiko baserria egin zutenean, zulo bat utzi zuten santua jartzeko». Baina inork ez zuen atzera irudia eraman.
Ezjakinean, inork etxean igual edukiko du santu irudi zaharren bat. Bada, Ormaiztegiko San Migel zaharra izan liteke.
Herrian izan dira beste bi ermita: San Fausto Labrador (Ermita etxean) eta Karmengo Ama (hilerrian, 1898an irekia).