Gurutze Mujika: «Ez naiz pinturatik bizi baina pintura bizitza da niretzat»
Garingo Etxeberrietako Gurutze Mujikak Oñatin (Gipuzkoa) jarri du bere azken pintura erakusketa. Aretxabaletan, Areatza auzoan bizi da aspaldian.
Noiztik zabiltza pinturaren munduan? Norekin ikasi duzu?
Ia 25 urte dira hasi nintzela. Abdon Juaristik pixka bat markatu ninduen. Luis Laskurain eta Rikardo Azkargorta ere izan ditut irakasle.Gaur egun Arrasateko margo taldean nago baina etxean margotzen dut nik.
Zer margotzen duzu?
Urkulun bizi naiz eta pinturarako gaia natura da. Batez ere paisaiak eta natura hilak margotzen ditut. Orain behiak sartzen hasi naiz, behi pintoak ditugu eta.
Zein estilotan margotzen duzu?
Oleo pinturarekin margotzen dut, oihal gainean. Beste zertxobait berria probatzen aritu izan naiz baina gehiena oleoa gustatzen zait. Pintura dezente erabiltzen dut eta lehortzeko denbora behar izaten da. Beraz, koadro bat baino gehiago izaten ditut batera hasita.
Pinturatik bizi al zara?
Ez, ez naiz pinturatik bizi baina pintura bizitza da niretzat. Asko gustatzen zait eta bizitasun handia ematen dit. Ez diru moduan aportazioa dagoelako, nire barnerako. Pintatu ere egunero ez dut egiten. Erakusketaren bat edo dudanean bai, baina bestela egunero ez naiz aritzen.
Oñatin jarri duzu azkeneko erakusketa. Erakusketa asko egiten dituzu?
Oñatikoa igandera arte dago ikusgai, kultur etxean. Inguruko herrietan egiten ditut: Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan, Eibarren… Beasainen ere egin izan dut, Aterpen. Gustatuko litzaidake berriz ere Goierrin erakusketa bat jartzea, Garinen ere bai.
Garin margotzen al duzu?
Tartetan bai, Garin niretzat oso gustuko lekua da.
Parisen ere erakutsi dituzu zure lanak.
Bai, 2014ko maiatzean izan zen, Louvreko arte garaikidearen aretoan erakusketa jarri nuen. Baina hemen ingurukoarekin konforme nago. Koadro batzuk saltzen dira jendeari gustatzen zaionean, etxera ere etortzen zaizkit erostera… hori niretzat pozgarria da.
Lehiaketetan parte hartzen duzu?
Inoiz bai, baina ez da niri gehiena gustatzen zaidana. Lasaiago ibiltzea gustatzen zait.