Lana, hobe bidean
Gaindegia erakundeak Gipuzkoako lan merkatuari buruzko ikerketa bat atera berri du, tartean Goierriko datuak txertatuz. Langabeziak behera egin duela adierazten dute zenbakiek, ...
Gaindegia erakundeak Gipuzkoako lan merkatuari buruzko ikerketa bat atera berri du, tartean Goierriko datuak txertatuz. Langabeziak behera egin duela adierazten dute zenbakiek, baita lan kontratuen kopuruak eta afiliazioak ere.
Kaleko adituen esanetan, N-1eko kamioien joan-etorriak lan merkatuaren egoera adierazten omen du: zenbat eta kamioi gehiago, orduan eta lan gehiago. Izan ziren orain baino askoz ere kamioi gutxiago errepide horretan, duela bost-sei urte, baina azkenaldian, trafikoa ugaritu egin da. Aditu horiei jaramon eginda, beraz, lan merkatua hobetu egin da. Krisia gaindituta ote da, hortaz?
Gehitxo esatea litzateke hori, baina kamioien trafiko ugalketa ez ezik, badira datu objektiboagoak, hobekuntza hori baieztatzen dutenak. Duela aste gutxi, Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, esaterako, Gipuzkoako lan merkatuaren inguruko ikerketa egin du, eta emaitzek langabeziaren jaitsiera eta kontratazioen igoera erakusten dute. Goierrik ere joera bera agertzen du.
Hiru adierazle erabili ditu Gaindegiak Gipuzkoako lan merkatuaren egoera aztertzeko: langabezia, kontratazioa eta Gizarte Segurantzako afiliazioa. 16 eta 64 urte bitarteko biztanleria hartu du azterketarako, eta Gizarte Segurantza eta Enplegu Ministerioaren, EUSTATen, INEren eta Euskalgeoren datuak erabili ditu. Lurraldea, berriz, garapen agentzien arabera banatu du. Beraz, Goierriri dagozkion datuak Goieki eta Uggasaren artean banatu ditu. Denbora-lerroa azkenik, 2014ko urritik 2015eko urrira bitartekoa izan da, urte betekoa.
Langabezia jaisten ari da
Gipuzkoa osoan egin du behera langabeziak Gaindegiaren azterketan jasotzen denez. Urte betean, %1,16 egin du behera, hain zuzen, 2014ko urriko %10,49tik 2015eko urriko %9,34ra.
Goierri osoari dagozkion datuak ere baikorrak dira, 2014an %9,54ko langabezia baitzegoen, eta 2015ean %8,24koa. Ikusten denez, Gipuzkoako tasaren azpikoa da Goierrikoa.
Goierriko herriak bertan lan egiten duten bi garapen agentzietan banatzen badira, bai Uggasak (Legazpi, Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsaso barneratzen ditu) bai Goiekik (gainerako 18 herriak hartzen ditu) joera bera mantentzen dute: Uggasaren lurraldean %1,53 jaitsi da langabezia (2015eko urrian %8,7koa zen), eta Goiekikoan %1,1 (%7,8koa izan da 2015eko urrian). Urola erdiko eskualdearen atzetik (%1,74 jaitsi da langabezia), Uggasako herriek erakutsi dute Gipuzkoako eboluziorik onena. Hala ere, Goiekik du langabezia tasarik baxuena. Altuenak, berriz, Bidasoako Bidasoa Bizirik agentziako herriek (%10,9) eta Debabarreneko Debegasakoek (%10,8) agertzen dute.
Herriz herriko datuetara joz gero, Ezkio-Itsason, Araman, Mutiloan eta Zerainen langabetuen kopuruak gora egin duela aipatu behar da, azken bi herriotako tasak oso baxuak badira ere. Gaintza da, hala ere, Goierri osotik langabetu gutxien duen herria, %2,7arekin. Beste puntan Zumarragako datuak kokatzen dira, %10,9arekin. Atzetik jarraitzen diote Ezkio-Itsasok, Ordiziak eta Legorretak.
Kontratazioak gora
Lan merkatuaren egoerak hobera egin duela erakusten duen beste adierazle bat kontratazioarena da. Gaindegiak egindako ikerketan, Gipuzkoako udalerri bakoitzean izenpetutako kontratu kopuruak zenbatu eta herri bakoitzeko lan adinean dagoen biztanleriarekiko proportzioan jaso dira. Datu bilketa horrek erakusten duenez, lurraldean gora egin du orokorrean lan kontratazioak 2014ko urritik iazko urrira bitartean, %9 hain zuzen. Gipuzkoako kontratazioek %12,8ko ratioa dute.
Garapen Agentziekin lotutako datuei erreparatuz, berriz, Goiekik eta Uggasak bestelako emaitzak ematen dituzte, eta biak Gipuzkoako ratio horretatik behera kokatzen dira; Urola Erdiarekin batera, kontratu gutxien egin dituztenak izan dira. Hala ere, Goiekik, %3,5eko hazkundea izan du 2014tik, eta Uggasak, berriz, hazkunde negatiboa erakutsi du, %-0,8koa. Biak elkartuz, Goierri osoari %1,35eko igoera dagokio. Ratioa, %3,2koa da Uggasakoa eta %3,1ekoa Goiekikoa.
Aipatu behar da Uggasaren kasuan, egindako kontratu guztien %94 aldi baterakoak direla, eta Goiekin, %88 direla denboraldi baterakoak.
Herriz herriko azterketari begiratzen bazaio, bestalde, Goierri osotik bederatzi udalerrik erakusten dute goitik beherako joera azken urtean, eta horietatik beherakada nabarmenena Aramak (%7,5 kontratu gutxiago 2015ean) eta Mutiloak (%-3,3) izan dute. Beste aldean, berriz, Olaberria dago, %4,6ko igoerarekin, Ormaiztegi atzetik duela %2,4 kontratu gehiagorekin.
Kontratu kopuruetan begia jarrita, Olaberria bera (%15,8), Arama (%6,3) eta Idiazabal (%5,5) dira urritik urrirako epe horretan kontratu gehien egin dituzten udalerriak. Hirurak, herri txikiak izanik ere, industrialde garrantzitsuak dituzte eta horren isla dira beren kontratazio bolumenak. Zerainek, alderantziz, ez du ia kontraturik egin, ezta Altzagak eta Ataunek ere. Erdi bidean daude Urretxu %4,2rekin, Lazkao eta Legazpi %3,6rekin, Beasain %2,9rekin, Ordizia %2,5ekin edo Zumarraga %2rekin.
Gizarte Segurantza
Gizarte Segurantzaren sisteman altak edo afiliazioak osatzen dute Gipuzkoako lan merkatuari buruzko Gaindegiaren ikerketaren hirugarren zutabea Zenbakiek, herri bakoitzean lan egiteko adinean (16- 64) daudenen proportzioan herrian bertan afiliatutakoen zenbatekoak adierazten dituzte. Langileak herrikoak bertakoak zein kanpokoak izan daitezke.
Gipuzkoak %58,19ko ratioa du, eta iazko datuarekin alderatuta %2,34ko igoera izan du. Goiekiko eskualdeak ratio hori gainditun du, eta % 63,9an kokatzen da, 2014ko urritik %2,8 gorago. Uggasa, berriz, Gipuzkoako datuaren azpitik dago: %48,8an, eta beheranzko joera izan du 2014tik 2015era, Gipuzkoako bakarra: %-8.
Goierriko herri guztiak elkartuta, %56,35ko ratioa ematen dute Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez. Daturik aipagarriena Olaberriak ematen du, %303,4rekin. Lehen aipatu dugu herri honetan industriagune garrantzitsua dagoela, Arcelor enpresa buru dela, eta jende askok egiten du lan bertan; horrek, bertako biztanleriarekiko proportzioan, logikoa denez, desoreka sortzen du. Berdintsu gertatzen da Aramarekin (%105,5) edo Ezkio-Itsasorekin (%140.6).
Langabeziaren profila
Zenbaki asko dira Gipuzkoako eta, gertuago etorrita, Goierriko lan merkatuaren egoera hobetzen ari dela erakusten dutenak. Adierazgarriena, eta ezagunena, langabezia tasa da. Goierrin %8,24koa da. Baina zer dago zifra horren atzetik? GoiBerri-k datorren aleren batean argitaratuko du Goierriko langabetuen profilari buruzko artikulua.