Igartzako jauregian izango da, 11:00etan.
Goierriko gazteak elkartu nahi ditu Gure Esku Dagok bihar Beasainen, Igartzako jauregian, 11:00etan. «Euskal Herria erabakiaren aroan sartu da eta aro horretan gazteek izan behar dute protagonista», dio Gure Esku Dagoko Andoni Mikelarenak. Era horretan, gazteak «aktibatu» nahi dituzte ekainaren 19an Goierrin egingo duten erabakitzeko eskubidearen herri galdeketari begira.
Mikelarenak uste du Gure Esku Dagok duen gabezia nagusietako bat gazteen aktibazioa izan dela: «Hausnarketa egin nahi dugu: ea zein gabezia dauden gazteengana iristeko, adibidez. Herri gehienetako taldeetan ez da gazte gehiegi gerturatzen; baina Lazkaon, Legorretan eta Ormaiztegin, esate baterako, gazte asko dabiltza lanean».
Jarrera ona
Hainbat gazte erakunderekin bildu dira dagoeneko eta «gazteak parte hartzeko gogoarekin daude». Mikelarenaren ustez, «gazteok sektore moduan ikusten dugu eremu propio bat behar dugula». Beraz, batzarraren helburu nagusia gazteak erabakitzeko eskubidearen alde artikulatzea dela dio.
Bestetik, gazteen batzarra aukera ona izan daitekeela uste dute Goierriko gazteak elkar ezagutu eta harremanak sortzeko; etorkizunean «indar polit bat» eduki ahal izateko.