Goitur-eko bazkide diren sei sagardotegien txotx irekiera ofizialean izan da Ataungo Urbitarten Helena Garcia Melero TV3ko aurkezlea
Iñaki Gurrutxaga
Goierri
“Goierriko sagardoa, txotx!”. Horiexek izan dira Helena Garcia Melero TV3 Kataluniako telebistako aurkezle ezagunak sagardoa dastatu ondoren esandako lehen hitzak. Iaz Altzagako Olagin hasitako bideari Ataungo Urbitarte sagardotegian eman diote jarraipena gaur goizean, Goiturreko bazkide diren sei sagardotegien txotx irekiera ofizial eginez. Urbitarteko Demetrio Terradillos anfitrio zela, han izan dira Auliako (Legorreta) Iñaki Begiristain, Oiharteko (Zerain) Haritz Eguren, Otatzako (Zerain) Jose Antonio Iparragirre, Tximistako (Ordizia) Amaia Blazquez eta Olagiko (Altzaga) Jose Antonio Olano sagardogileak, Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko kidea eta Goiturreko zuzendari Niko Osinalde.
Goierriko sagardogileak, Helena Garcia Melero eta Niko Osinalderekin, gaur, Ataungo Urbitarten. Arg./ Iñaki Gurrutxaga
Terradillosen esanetan, aurtengo sagardoa “oso ona” dator, “kolorez ederra, intentsoa”, eta txinparta aldetik ere egokia. “Aurten sagar asko izan da, eta Goierriko sagarrak indar berezia ematen dio sagardoari”. Goierrin 500.000 litro sagardo egin dela nabarmendu du. “Kantitatez iazkoaren tankeran, baina aurten kalitate handiagoko sagardoa atera zaigu”.
Helena Garcia Melerori “ilusio handia” egin dio Goierriko sagardotegien txotx garaiari irekiera ofiziala emateak. “Orain bi urte Kataluniako Cavaren Erregina izendatu ninduten, eta orain Goierriko sagardoaren ama pontekoa. Gauza askotan batuta gauden bi herri dira Euskal Herria eta Katalunia. Ohore bat da niretzat, eskerrik asko”.
Niko Osinaldek gogoratu du “sagardoak eskaintzen duen guztiaz gozatu” daitekeela Goierrin, eta goierritar guztiei eskualdeko zerbitzu turistiko guztiak kontsumitzeko deia egin die: “Gaurkoan sagardotegian gaude, baina urte guztien hor dituzue gainontzeko jatetxe, erretegi, gozotegiak…”. Goiturreko bazkide diren 6 sagardotegiak Euskadi Gastronomika klubeko kideak dira, eta klub horretako kide izateak “kalitatezko sagardotegiak diren bermea” ematen du.
Berritasun modura, Osinaldek aipatu du Zeraingo Oihartek egindako Ama sagardo aparduna, eta Ataungo Urbitartek 2014an ekoitzitako Saarte sagardo ondua ere. Sagardo garaia maiatzara arte izango bada ere, Osinaldek adierazi du Aulia eta Otatza ez beste sagardotegi guztiek zerbitzua eskaintzen dutela urte guztian.
Helena Garcia Melero Ana Figuera TV3ko politika berriemalearekin, Albert Villaro kazetari eta idazlearekin eta Seu de d’Urgelleko gaztaren ordezkari Montse Ferrerekin izan da Ataunen. Goizeko irekieraren ondorik, Barandiaran Museoa bisitatzen izan dira, eta atzera Urbitarten izango dute bazkaria.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.