Legazpiko EH Bilduk eta Irabazik lanean jarraitu eta «bilketa tasa mantentzeko» ahalegina eskatu dute
Legazpiko hondakinen inguruko galdeketaren ondoren, emaitzarekin gustura agertu dira EAJ eta PSE-EE
«Pozik gaude emaitzarekin, baina, batez ere, izandako parte hartzearekin»
Koldobike Olabide. Alkatea (EAJ)
Legazpiko alkatearen hitzetan, igandeko galdeketak kapitulu bat itxi du herrian, eta hemendik aurrera lanean jarraitu beharko dutela adierazi du, gaur egungo tasa mantendu edo hobetzeko. Olabide gustura agertu da emaitzarekin. «Guk beti defendatu izan dugu edukiontzi sistema, eta, noski, gustura gaude legazpiarren erabakiarekin», esan du. Hala ere, parte hartze handiak eta galdeketa eguna «normaltasun osoz» joan izanak poztu du gehien. «Legazpik hitz egin du».
«Emaitzak garbiak dira: edukiontzien aldeko apustua egin dute legazpiarrek»
Oscar Valbuena. (PSE-EE)
Zinegotzi sozialista gustura agertu da hondakinen galdeketan izandako parte hartzearekin. «Brinkolan eta Telleriarten parte hartzea baxua izan da, baina gainontzeko barrutietan %60koa». Emaitzak «garbiak» izan direla adierazi du, eta argi geratu dela legazpiarrek edukiontzien aldeko apustua egin dutela. Valbuenaren nahia sistema berria «lehenbailehen» martxan jartzea da. «Gastuak murriztu egingo dira, eta aurrezten dugun dirua beste gauza batzuetarako erabili ahalko dugu».
«Sistema edozein dela ere, hondakinak gutxitzeko lanean jarraitu behar dugu»
Kepa Urtzelai (EH Bildu)
EH Bilduko bozeramailearen esanetan, aurreko hiru urteek hondakinak gaika bereizten ikasteko balio izan die legazpiarrei. «Hiru urtean %30etik %82ra pasa gara, lanpostuak sortzeaz gain», adierazi du. Sistema edozein dela ere, bide horretan hobetzen jarraitzeko beharra nabarmendu du. «Asko dago egiteko» Urtzeilairen esanetan: hondakinak gaika biltzeaz gain, hondakin gutxiago sortzea eta ahal den neurrian berrerabiltzea beharrezkoa dela uste du, baita konpostaia sustatzea ere.
«Ez da guk nahi genuen emaitza, baina herriaren erabakia da»
Alberto Bezunartea (Irabazi)
Irabaziko zinegotziak adierazi duenez, edukiontziena ez da beraiek defendatu duten sistema, baina herriak hori erabaki duenez, errespetatuko dute. «Aurrerantzean lan egingo dugu gaikako bilketa tasaren portzentaia mantentzeko», esan du. Ildo horretatik, herritarrei kolaboratzeko eta birziklatzeko eskatu die, birziklapen tasa jaitsi ez dadin. Errauskailuaren aurka daudela gogoratu du Bezunarteak, eta horretarako beharrezkoa dela denok ahalegin bat egin eta hondakinak gaika bereiztea.













