Iñausketa ikastaroa eta arkume jana egin dituzte asteburuan Zerainen
Zerainlab-ek antolatuta, asteburuan iñausketa ikastaroa eta arkume jana egin dituzte Zerainen. Bi ekintza horiekin, “komunitate bizitza, adin ezberdinetakoen transmisioa, herriko produktuen balioestea, ekonomia kolaboratiboa, lankidetza… eta azken batean, herri txiki bateko elkarrekiko bizitza bizia” bultzatu nahi izan ditu Zerainlabek.
Iñausketa ikastaroa
Zerainlabetik jakinarazi dutenez, “hiru lan arloetako bat ingurunearekin harremanari lotutakoa da”. Era horretan, joan den larunbata goizean iñausketa ikastaro praktikoa egin zuten Kalpatxo baserrian. 12 lagun elkartu ziren Xabi Akizuren azalpenak entzutera eta ikustera. “Ikasitakoarekin, laster baserriren bateko zuhaitzen iñausketa egiteko auzolana antolatzeko ideia ere atera zuten parte hartzaileek”, gaineratu dute Zerainlabetik.
Arkume jana
Igandean, berriz, arkume jana egin zuten Liztormendi elkartean. Zerainlabeko kideek bi helburu bete nahi izan zituzten bazkariarekin: “Batetik, herri giroan adin guztietako herritarrak elkartu eta egun ederra pasatzea elkarrekin, eta bestetik, arkumearen eta bertako produktuen aitortza eta balioan jartzea”. Ildo horretan, Zeraingo artzainen produktuekin osatu zuten bazkariko menua: pikatxa, herriko artzain ezberdinen arkumeak, mamia eta gazta.
80 herritar elkartu ziren bazkarian; adin guztietakoak. “Zaharrenak 90 urte inguru, eta gazteenak jaio berriak”.