Goierriko hiru interpretazio zentro eta museo daude sarean: Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Museoa, Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroa eta Ordiziako D'elikatuz zentroaMadrilgo Fitur nazioarteko turismo azokan aurkeztu zuten Euskadiko enogastronomia ...
Goierriko hiru interpretazio zentro eta museo daude sarean: Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Museoa, Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroa eta Ordiziako D’elikatuz zentroa
Madrilgo Fitur nazioarteko turismo azokan aurkeztu zuten Euskadiko enogastronomia museo eta guneen sarea. Euskadiko zazpi museo eta interpretazio zentrok osatzen dute sare hori, eta horien artean Goierriko hiru daude: Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoa, Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroa eta Ordiziako D´elikatuz elikadura eta gastronomia zentroa. Horiez gain, sarea Guardiako Villa-Lucia Ardoaren erakustokiak, Bakioko txakolin-guneak, Astigarragako Sagardoetxea Euskal Sagardoaren Museoak, eta Tolosako Gozogintzako museoak osatzen dute sare berri hau. Helburua, Euskadin ezagunak diren zenbait produktu gastronomikoen atzean dagoen esentzia, tradizioa eta baloreak transmititzea da.
Sortutako esperientziak
Orain arte elkarlanean aritu dira hainbat urtetan gastronomia museo eta zentroak. Elkarlan horren ondorioz hainbat esperientzia sortu dira:
Sagardoaren eta Idiazabal gaztaren ibilbidea, Gaztaren interpretazio zentroaren eta D´elikatuz zentroaren artean;
Sagardoaren ibilbidea. Igartubeiti Museoaren eta Gaztaren interpretazio zentroaren artean; eta
Ibilbide gastronomikoa Euskadiren bihotzean izenpean, D´Elikatuz zentroaren, Gaztaren interpretazio zentroaren, Tolosako Gozoginza museoaren eta Tolosa eta Ordiziako azoken artean.
Sarearen sorrerari esker, zentro eta museo horiek eskaintzen dituzten esperientziez gain, bestelako gastronomia proposamen berriak eskainiko dizkiete bisitariei Euskadiko gastronomia ikuspegi berria eskaintzeko. Horrela, museoetara egiten dituzten bisitak bestelako ekintza batzuekin uztartu ahalko dituzte bisitariek; esaterako, gaztandegiak, txakolin upategiak eta azokak bisitatu, eta hainbat produkturen elaborazioan parte hartuz.
Sare hau osatzen duen museo bakoitzak informazio totem bat dauka, eta sareko foiletoaz gain, QR kode baten bitartez museo eta zentro bakoitzaren bisita birtual bat deskargatzeko aukera dago. Gainera, foiletoan bakoitzak antolatzen duen erakusketak eta eskaintzak jasotzen dira.