Aho batez onartu dute Irabazik aurkeztutako mozioa. Hala ere, EAJk eta PSE-EEk formak kritikatu dituzte.
Osoko bilkura Legazpin. / Arg.: Maialen Igartua
Irabazi alderdiko Alberto Bezunartea zinegotziak urgentziazko mozioa aurkeztu zuen atzoko osoko bilkuran, herrian errefuxiatuei bidaltzeko materiala biltzeko kanpaina bat abian jar dadin, eta
aho batez onartu zen. Alderdi guztiak bat etorri ziren mozioaren muinarekin, eta horregatik eman zuten aldeko botoa. PSE-EEk eta EAJk, ordea, gogor kritikatu zituzten «formak».
Osoko bilkuraren aurretik,
mozioa ez aurkezteko eskatu zioten PSE-EEk eta EAJk Bezunarteari, gaia denbora gehiagorekin landu ahal izateko. Izan ere, atzo eguerdian jaso zuten testua, dagoeneko aldaketarik egiteko astirik ez zegoenean. Sozialisten eta jeltzaleen ustez, gaia teknikoekin batera eta Aldundiarekin koordinatuta landu behar da, zer eta nola egin daitekeen jakiteko. “Noski landu beharreko gaia dela, eta urgentziazkoa dela, baina
gauzak ondo egin behar dira, eta ez inprobisatuta“.
MOZIOAREN PUNTU NAGUSIAK:
- Legazpiko Udalak eskura dituen baliabide guztiak bideratzea material bilketarako kanpaina martxan jartzeko, eta kanpaina hori Zerbitzu Sozialek koordinatzea.
- Legazpin errefuxiatuak jasotzeko zein pauso eman behar diren zehazteko lantalde bat osatzea, Gurutze Gorriarekin eta beste talde batzuekin batera.
- Errefuxiatuak jasotzeko toki posibleak prestatzea, ahal bada udalaren jabetzakoak.
- Udalak diru partida bat bideratzea material bilketarako eta errefuxiatuak jasotzeko.