Udazken zoragarriak eta negu-eguraldi ezak hainbat produktu aurreratu ditu; behi gazta mota berri bat ere aurkeztu dute.
Arimasagasti behiaren esnearekin egindako gazta berria aurkeztu du Joseba Baezek.
Urteko lehen hilabeteko azken feria izan zen atzokoa eta ia otsailaren 3a gogoan hartu zuena, San Blas opilak egin baitzituen Maite Iturbe Legazpiko okinak, 1,5€an salgai. «Ondo saltzen den produktua da, eta bereziki Legazpin» aipatzen zigun. Bide batez, epeletik doan negu honetan ea arto opilik saltzen den galdetu genion eta «eguraldi hotzarekin askoz gehiago, sekulako eragina du» erantzun zuen. Egin berri-berriak lurrina dariela ekarri ohi ditu, eta erosteko tentazioan erortzea erreza izaten da.
San Blasen etorrera iragarriz lehen opilak, Maite Iturbek eginak.
Barazkietan badirudi eguraldiak orain arte bezalatsu jarraitzen badu inoizko goizen izan ditzakegula bertako lehen ilarrak eta babak salgai, askok aipatzen baitute landareak oso aurreratuta eta loretan dituztela.
Landareei dagokienez, berriz, lehen marrubi landareak salgai ziren 0,60 euroan bakoitza.
Behi gazta mota berri bat
Berak egindako Arimasagasti behi gaztak salgai izaten dituen Joseba Baez idiazabaldarrak behi gazta ezberdin bat aurkeztu zuen atzo: mamitze laktikokoa. Oinarrizko osagaia bera izanda ere, behi esnea eta gatzagia, itxura eta egiteko modua asko aldatzen da: «Zahar itxura izan arren, hilabetea besterik ez du. Gainerakoei botatzen zaien %10eko gatzagia bota eta mamitzen 24 ordu uzten da (40 minutu besteak). Ondorengo prozesua ere ez da berdin zaintzen». Dastatzera eman eta oso iritzi ona jasotzen ari zen. Ea arrakasta lortzen duen saltzeko garaian ere. Gazta bakoitza 6,5 euroan zuen.
Negurik gabeko urtea ote?
Eguraldia sarri izaten da hizpide eta orain arteko negurik gabeko urte honi zeresan ugari dario: «Etxe ondoko iturria agortua egon da, orain berriz zurruxta txiki bat hasi zaio», zioen Zeraingo Barbariko Klaudio Mendizabalek. Arriarango presa oso bajatuta dagoenekoa ere entzun genuen. Joxe Mari Etxeberria gaztazaleak, berriz, «1956an hola- koxeak egin zituen abendu eta hilbeltzan; otsailean, berriz, sekulako elurtea» gogoratu zuen, soldadutza urte hura ondo markatua baitu. Kontuak kontu, «besterik ez da hemen: datorrena hartu eta hartara moldatu».