Urtarrilean baino 649 langabetu gutxiago zeuden abenduan. Ia herri denetan jaitsi da; Gabirian, Olaberrian eta Seguran, igo. Lan kontratu berrien 10etik 9 aldi batekoak dira
Langabezia erregistratua %16,1 jaitsi zen, iaz, urte barruan, Goierrin. Eskualde osoko langabezia tasa bi puntu beheratu zen. Duela urtebete, 2015eko urtarrilean, %11,7koa baldin bazen tasa, abenduan %9,7ra murriztuta zegoen, aspaldiko partez 10 punturen marraren azpitik. Abenduan lortu zen Goierrin urteko tasa baxuena. Gipuzkoako tasaren (%12) eta Hego Euskal Herrikoaren (%13) azpitik dago.
Goierri garaiko —Zumarraga, Legazpi, Urretxu eta Ezkio-Itsaso— langabezia tasak behealdeko 18 udalerrietakoak baino handixeagoa izaten jarraitzen du, oraindik, 0,5 puntu gorago. Hala ere, urte barruko jaitsiera handiagoa izan da goialdeko lau herrietan (%17,6koa, langabetu kopuruan), Goierri behean baino (%15 murriztu da hor).
Datu absolutuetan, 2015en bukaeran 3.379 pertsona zeuden eskualdean lana bilatzeko zerrendetan izena emanda —urte bereko urtarrilean 4.028 ziren—. Biztanleria aktiboa 34.000 lagun ingurukoa da Goierrin. Beraz, lan egin dezaketen 10 lagunetik 1 zegoen langabezian.
Herri gehienetan jaitsi da
Langabetu kopurua eskualdeko 22 herrietatik 17tan beheratu zen, iazko urtarriletik abendura bitartean. Langabetuen jaitsie-ra nabarmenenak Gaintzan (%75ekoa, 4 langabetutik batera) eta Altzagan (%44koa, 9 langabetutik 5era) izan dira.
Igoera handiena, berriz, Gabirian: %85 hazi da, 7 langabetutik 13ra. Hala ere, Goierriko tasa baxuena zuen abenduan (%5,04), Gaintzaren atzetik (%1,68).
Goierrin, tasa handieneko herria Zumarraga da (%13,7). Ordizia (%12), Olaberria (%10,6) eta Legorreta (%10,2) daude gero.
Igo diren beste herri bakarrak Segura (%4 gora) eta Olaberria (%2), portzentaia apalagoekin. Mutiloan eta Zegaman, berriz, ez da aldaketarik izan.
Lanpostuak, aldi batekoak
Lanpostuen sorrerak eragin du, neurri batean, langabezia zenbakien jaitsiera. Baina sortu den lana ere ez da oso egonkorra. Abenduan Goierrin 1.095 lan kontratu egin baldin baziren, horietatik 991 (%90,5) aldi baterako iraupenekoak izan dira. Emakumezkoei gehiago eragiten die, gainera, aldi batekotasunak: 561 kontratu emakumeenak ziren, 430 gizonenak.
Hasieratik mugagabeak 56 kontratu bakarrik sinatu dira (30 gizonei, 26 emakumeei). Beste 48, aldi batekoak mugagabe bihurtzeko kontratuak izan dira (32 gizonak, 16 emakumeak).
Sortzen den enplegua «oso prekarioa» dela salatu zuen LAB sindikatuak, atzo. Lana daukatenen kopura igo den arren, ekonomia ez dela «modu justu eta zentzuzkoan» hazten salatu du.
Bestetik, langabezian egoteagatik prestaziorik jasotzen ez zutenak Hego Euskal Herrian 131.045 lagun ziren, abenduan. Kobratzen dutenek, hilean 425 euro jasotzen dute, batez beste.