«Gustura nabil txapelketan, nahiko seguru, eta ematerakoan kolpearekin»
Eskuz binakako pilota txapelketaren ligaxkako partida jokatuko du bihar Idiazabalen Jon Ander Albisuk (Ataun, 1990) Iñaki Artola lagun duela.
Zer moduzko balorazioa ...
Eskuz binakako pilota txapelketaren ligaxkako partida jokatuko du bihar Idiazabalen Jon Ander Albisuk (Ataun, 1990) Iñaki Artola lagun duela.
Zer moduzko balorazioa egiten duzu orain arte Artola eta biok egiten ari zareten txapelketaz?
Oso ona. Iaz finalerdietara iritsi ginen, eta jendeak dezenteko espektatibak zeuzkan, eta uste dut ondo ari garela erantzuten. Biok oso ondo gaude, fisikoki ondo, eta uste dut partida onak egin ditugula.
Sorian (Espainia) ezin izan zenuen jokatu eskuko minez, baina hamabost egunean ia osatuta zeunden.
Iruñean izan zen, urte hasieran, eskuan sartu zitzaidan pilota, eta minez egon nintzen. Batzuetan izaten da eskua kargatzen joaten zaizula, baina behin pilota sartzean zaila izaten da aguantatzen. Masajeak hartzen ari naiz, gustura nabil, minik gabe, eta errekuperatuta.
Astelehenean Beotibarren zuen seigarren garaipena lortu zenuten, 12 eta 8ko emaitzari bueltan eman, eta Bengoetxea-Untoria 13 tantotan utzita.
Artolak partida oso ona jokatu zuen. Bi bikoteak ondo hasi ginen, partida parekatua zihoan, eta 12 eta 8koan derrigorrezko atsedenaldia hartu genuen. Hortik aurrera, Artolak aurrean harrapatzen zuen guztia bukatu zuen, eta ni ere batere tanturik galdu gabe aritu nintzen.
Zu ere erregular ari zara txapelketan zehar.
Aurreneko partida eduki nuen kaskarra, kantxan ondo jarri ezinik eta kale dezente eginez, baina hortik aurrera gustora ibili naiz, nahiko seguru, eta ematerakoan ere kolpearekin.
Bihar, larunbata, Idiazabalen duzue txapelketako bederatzigarren partida Altuna III.a eta Merino II.aren aurka. Zer traza hartzen diozu?
Partida gogorra izango da. Haiek ez daude onenean, ez dira haien maila ematen ari, baina aurkari oso gogorrak dira. Altunak eguna badauka harrapatutako guztia bukatzen du, eta Merinok ere asko jokatzen du. Guk gurea ematen ez badugu badakigu ez dugula irabaziko. Hasieratik hasi beharko dugu fuerte.
Irabaziz gero sailkapena esku-eskura izango duzue.
Hanka eta erdi barruan izango genuke bai. Zazpigarren puntua lortzen badugu normalena izango litzateke barruan egotea, baina zortzigarren puntua lortu arte lan egin beharra dago. Ezin gara erlaxatu.
Zer moduz sentitzen zara etxetik gertuko partidetan?
Alde onak eta txarrak dauzka. Lan txukuna egin nahi izaten da horrelakoetan jende ezaguna egoten delako harmailetan, baina bestalde, gustora, jende guztia zure alde egoten delako. Sarrerak-eta ere saltzen ari dira, eta ea giro on bat sortzen den frontoian.