Bihar Kaldereroak ospatuko dituzte Ordizian eta Itsasondon. Horretarako hainbat ekintza antolatu dituzte.Ordizian goizeko 12:00etan hasiko da kalderero txikien desfilea. Honako ibilbidea egingo dute: Plaza Nagusia, Legazpi kalea, Andra Mari Kalea, Kale...

Bihar Kaldereroak ospatuko dituzte Ordizian eta Itsasondon. Horretarako hainbat ekintza antolatu dituzte.
Ordizian goizeko 12:00etan hasiko da kalderero txikien desfilea. Honako ibilbidea egingo dute: Plaza Nagusia, Legazpi kalea, Andra Mari Kalea, Kale Nagusia eta Plaza Nagusia. Herrigunean kaldereroen paseoa egingo dute 13:00etan, Umore Ona Abesbatzarekin, Laguntasuna errondailarekin, Antxon Imazekin eta Jose Ignacio Iturriozekin. Arratsaldean, Nikolas Lekuona plazan txokolatada egongo da txikienentzako, 18:00etan. Ordu erdi beranduago, leku berean Urrup Antzerki taldeak Zozomikote aurkeztuko du, eta pregoia egingo dute. Kalderero Konpartsaren desfileak hartuko du lekukoa, eta ondoren, Urrup taldeak Zozomikote pertsonaiarekin ikuskizun bat eskainiko du. Gero sutan erreko dute Zozomikoteren irudia.
Ijito Eguna, Itsasondon
Ordiziatik hedatutako ohitura duela urte batzuk hasi ziren ospatzen Itsasondon. Zehazki, Ijito eguna egiten dute. Horrela, itsasondoarrak galdaragilez mozorrotzen dira, eta kaleak girotzen dituzte. Aurten, guztiak arratsaldean elkartuko dira herriko plazan, 16:30ean. Behin elkartuta, Jubilatuen elkartera joango dira. Aurten ez dute ohiko ijito besoa egingo, pintxoak baizik. Bakoitzak etxetik eramango ditu nahi dituen osagaiak eta, gainera, Guraso Elkarteak osagai batzuk erosi ditu pintxoak egiteko.
Eguraldiak laguntzen badu, eta ez badu euririk egiten hala dio iragarpenak arratsaldeko 18:30ean herrian zehar zartaginak astinduko dituzte. Ondoren, Jubilatu Elkartera itzuliko dira berriz ere eta afari-meriendarekin amaituko dute eguna.