Kantuak batuta
Idiazabalgo kantu-poteo taldea duela hiru urte sortu zen. Helburu nagusia kantuan ondo pasatzea dela azaldu dute, eta harremanak sortzeko tresna gisa ere ...
Idiazabalgo kantu-poteo taldea duela hiru urte sortu zen. Helburu nagusia kantuan ondo pasatzea dela azaldu dute, eta harremanak sortzeko tresna gisa ere ikusten dute taldea. Gazteagoak taldean ez daudelako kezka azaldu dute.
Badakite ez direla kantari profesionalak, eta ez da hori bilatzen dutena. Helburu bakar eta argia dute: ondo pasatzea kantatzen. Hori da Idiazabalgo kantu taldearen xedea. Asmo horrekin atera ziren atzo kalera, aurtengo San Blasen bueltan. Gaur, 16:30ean Eguneko Zentrora joango dira kantatzera, urtero egin ohi duten bezala. Festetan murgilduta, otsailaren 4an Santa Agedako koplak kantatuko dituzte plazan.
Duela hiru urte, 2012. urtean, hasi zen guztia. Aldaize herriko aldizkariak 50 ale argitaratu zituenean festa antolatu zuten eta, horrela, festa horretarako Idiazabalgo hainbat talde elkartu ziren kantuan aritzeko; tartean, jubilatu talde bat. Aldaizeko festa amaituta, ez zioten kantatzeari utzi, eta horrela jarraitu dute. Hileko azken ostegunean ateratzen dira, eta kantu-poteoa egiten dute: tabernaz taberna joaten dira kantari. Hasiera batean hogeita hamar lagun inguru elkartzen ziren, baina poliki-poliki taldea handitzen joan da, 45 lagunera iritsi arte. Taldeko kide dira Jexux Urteaga, Pello Urkia eta Mari Jose Urdangarin. Hiruak oso pozik daude, eta jendea ere gustura ikusten dute. «Herrian kantu-poteoarekin jendea pozik dagoela sumatzen dugu», esan du Urdangarinek.
Kantuzaleak elkartuta
Urrutira joan gabe, iazko urrian Goierriko II. Kantu Jira topaketa egin zuten Idiazabalen. 300 lagun inguru elkartu ziren kantuan herrian.
Kantuzale elkarteko kide dira idiazabaldarrak. Horri esker, beste kantu talde batzuk ezagutzeko aukera izan dute. Bestalde, hainbat ekitaldi antolatu ohi dituzte kantuzaleak elkartzeko, eta aurtengoan bertan izango dira. Miarritzen izango da bat maiatzean, eta beste bat Donostian. Horiek dira, oraingoz, baieztatuta dituzten irteerak, baina beste lekuren batera joatea ere gustatuko litzaieke. Buruan duten ideia dela esan du Urkiak, baina «forma» eman behar zaiola.
Gipuzkoan badute harremana beste talde batzuekin, batez ere, Beasain eta Tolosakoekin. Behin edo behin joan izan dira Beasainera kantatzera, eta beti ere jendea elkartzea «aberasgarria» dela esan dute. Tolosaren kasuan, hileko azken larunbat eguerdian egiten dute kantu-jira —kalean kantatzen dute, ez tabernetan–, eta badute hara joateko asmoa ere.
Gazteen falta
Kantuan ibiltzen diren hainbat taldek kezka eta harridura bera dute: gazteek, orokorrean, ez dute kantatzen. «Gure taldean gazteenak 60 urteren bueltan dabiltzanak dira», azaldu du Urteagak. Izan ere, Idiazabalgo taldekoen adina hirurogei eta laurogei urte artekoa da. Hiruen ustez, kanturako ohiturarik ez dago. «Gure belaunaldian kantatzeko ohitura zegoen, baina oraingoek ez dute joera hori», adierazi du Urkiak. Egungo gazteek bazkal edo afalostean kantatzea baino musika jarri eta dantzatzea nahiago dutela uste dute, eta horregatik ez direla animatzen kantu taldeetan parte hartzera.
Guztientzako modukoa
«Helburua ez da teknikoki ondo kantatzea, gustura ibiltzea kantuan baizik»
Mari Jose Urdangarin, Kantu-poteoko zuzendaria«Guk kantatzeko ohitura handia geneukan; oraingoek ez dute joera hori»
Pello Urkia, Kantu-poteo taldea«Gure taldean gazteenak hirurogei urteren bueltan dabiltzanak dira»
Jexux Urteaga, Kantu-poteo taldea
Euskal kanta tradizionalak kantatzen zituzten hasiera batean, baina gutxika-gutxika kantu bilduma berritzen joan dira. Urdangarin da zuzendaria eta haren senarra, Urkia, laguntzaile moduan aritzen da. Bien artean osatzen dute ostegunetan jarraitzen duten kantu zerrenda. Azaldu dutenez, batzuetan nekez aurkitzen dira kantu politak, errazak eta jendeari gustatuko zaizkionak. «Zailtasun teknikoak ez ditugu sartzen», nabarmendu du zuzendariak; izan ere, taldean abesteko zaila izan daiteke, eta bestalde, helburua ez da teknikoki ondo kantatzea, guztiak kantuan gustura ibiltzea baizik.
Zuzendari postuari dagokionean, Urdangarin bera jarri zen lan horretan, baina argi utzi du ez duela inoiz hori bilatu. Hala ere, jendea gustura dagoela nabaritzen du, eta horrek berari satisfazio handia ematen dio.
Harremanak sendotuz
Kantu-poteak harremanak sortzeko balio du, ondoan dagoen jendearekin hitz egin eta ezagutzeko. Horri esker herrian betidanik ezagutu baina traturik izan ez duzun horiekin harremana sortzeko aukera dago. «Bat-batean konturatzen zara sekulan hitz egin ez duzun jendearekin solasean hasten zarela», esan du Urkiak. «Horrek ikaragarri balio du, aberasgarria da oso».
Arau bakarra bete behar da taldean sartzeko: kantatzea gustuko izatea. Eta hala eusten diote ideia horri. «Denetariko jendearekin elkartzen zara: euskaldunak, erdaldunak, eskuinekoak, ezkerrekoak, erdikoak…», esan du zuzendariak. Eta hori mantendu egin behar dela uste du Urkiak. «Batzen gaituen gauza bakarra kantua da, eta horri eutsi behar diogu», gaineratu du.