Idiazabalgo 36. Herri Krosa egingo dute igandean. Hasieratik aldaketa asko izan baditu ere, herri lasterketen izaerari eusten dio probak.
San Blas jaien altzoan sortu bazen ere, urte askoan festen aurretik egin izan da Idiazabalgo Herri Krosa. Aurten ordea, egutegiaren kapritxoz, jaietako asteburu nagusian egingo dute. Lau hamarkada betetzeko bidean den probak aldaketa ugari izan ditu bere historian zehar, baina antolatzaileen hitzetan, beti jakin izan dute garaiko beharretara egokitzen.
Antolakuntza lanetan hasieratik dabilen taldeko kideetako bi dira Lake Oiarbide eta Xabier Intxausti Gorri. Lagunartean sortutako kontua izan zela gogoratzen dute. «Denak ere herriko jendea ginen, kirolean aritzen ginenak». 80ko hamarkada hasieran, «horrelako proba gutxi» zeudela gogoratzen du Oiarbidek. Hala, pare bat urte lehenago sortutako Donostiako Maratoia hartu zuten erreferentzia moduan. «Hemen ere horrelako zerbait egin zitekeela pentsatu genuen».
Idiazabalen eta Goierri mailan, nahikoa lasterketa berritzailea izan zen. Oiarbideren arabera «orduan ez zegoen oraingo afiziorik, lau katu aritzen ginen korrika». 1981ean egin zuten aurreneko edizioa, eta 70 lagunek parte hartu zuten. Garai hartarako «kopuru ona» zela dio Xabier Intsaustik. Gaur egun, haur eta helduen artean, 900 eta 1000 lagunen artean ateratzen dira urtero.
Urtez urte, hazten
Urteen poderioz hazi, osatu eta hobetu egin dute Idiazabalgo Herri Krosa. Esperientziak asko erakusten duela eta «urtez urte egokitzen» joan direla dio Intsaustik. Bosgarren ediziotik aurrera, umeentzako lasterketa ere antolatzen hasi ziren, eta egun, 300 bat gaztetxo ateratzen dira, maila ezberdinetan.
Ibilbideak ere izan ditu aldaketak. Oiarbidek azaldu duenez, «herria aldatzen joan den heinean, ibilbidea ere aldatzen» joan da. Hala ere, beti ibili dira 10 kilometroren bueltan. Aurreneko urteetan «ibilbide motzagoa eta bost itzuli» egiten zituzten; baina partehartzaile kopuruak gora egin ahala, arazoak sortzen ziren. «Korrikalariak doblatzen hasten ziren, eta bai beraiek eta bai ikusleak nahastu egiten ziren». Horregatik, ibilbidea pixka bat luzatu eta hiru itzuliko proba egitea erabaki zuten.
2014. urtean, Amporen 50. urteurrena zela eta, lasterketa lantoki barrutik pasatzeko eskaera egin zieten. Edizio hura «oso berezia» izan zen korrikalarientzat. Harrezkero egin dituzten bi edizioetan, Ampoko biribilguneraino iritsi da lasterketa, «Zigor auzoko scalextric-a» alde batera utzita. Aldaketa horiek, lasterketaren eta korrikalarien onerako direla uste dute, horrela «ibilbidea zuzenagoa» delako.
Ibilbidea zabaltzeak, ikusleengan ere izan du eragina; «orain gehiago zabaltzen dira herrian barrena. Lehen denak plaza inguruan egoten ziren».
Festetako asteburuan
Aurreneko herri krosak «San Blas jaien barruan» antolatu zituztela gogoratzen du Xabier Intsaustik. Honek arazo bat baino gehiago sortzen zuen ordea; «jendea kale egiten hasi zen, bai antolatzeko eta bai korrika egiteko garaian». Horregatik, lasterketa «jaietatik atera eta astebete lehenago jartzea» erabaki zuten. Hala egin dute urte askoan, baina aurten, lasterketa eta festak, denak batera egokitu zaizkie. Horrek kezka apur bat sortzen badie ere, badute aurten ere dena ondo aterako den konfidantza.
HERRI KROSA
Idiazabal Kirol Elkarteak antolatuta,36. Herri Krosa egingo dute igande goizean:
10:45: Haurren lasterketak:
-Benjaminak: 600 metro.
-Alebinak: 1.100 metro.
-Infantilak: 1.600 metro.
12:00: Helduen lasterketak:
-Kadeteak: 3.525 metro.
-Helduak: 10.245 metro.
Izen-ematea: kirolprobak.com webgunean. Dortsalak herriko plazan, 11:30ak arte.