Ibai Zumalakarregik irabazi du Idiazabalgo goitibehera jaitsiera
Idiazabalgo San Blas jaietan, 16. Goitibehera lasterketa jokatu da, gaur arratsaldean. 46 partaide izan dira guztira, hiru modalitatetan bereizita: errodamentudun goitibeherak, gurpil pneumatikodunak eta arinak (trailak, bizikletak…). Gurutzetatik behera, kaleraino egin dute lasterketa, bi kilometro inguruko aldapan behera.
Ibai Zumalakarregi izan da azkarrena. 1:29,575 minutuko jaitsiera egin du, azkarrena. Bigarren Jokin Gutierrez geratu da (1:30,514), eta hirugarren Julen Markez (1:32,051). Hirurak pneumatikodun goitibeheretan irten dira.
Irabazleak 52 kilometro orduko abiadura bataz bestekoa lortu du; bigarrenak 51 km/h-koa eta hirugarrenak 50 km/h-koa.
Entrenamendutarako lehenengo jaitsiera egin ondoren (ez zuen sailkapenerako balio), bi jaitsiera ofizial egin dituzte gero. Bietatik denbora onena hartu diete kontuan antolatzaileek.