Ordiziara iritsi da inauteria, zartagin hots batean
Hungaria aldeko zingaroen arropa zarpail eta trapu koloretsu artean hasi da inauteria, gaur, Ordizian. Europa eekialdeko kaldereroen tradizioa berritu dute. Eguerdian haurrak irten dira kalera nagusiki —baita heldu ugari ere—, eta Plaza Nagusian kantu eta dantza saioak egin dituzte, Ordiziako banda mozorrotuaren doinura. Ezaugarri dituzten lapiko, zartagin eta latorrizko ontziak joz alaitu dituzte herriko kaleak.
Zozomikote pertsonaia da gaurko beste izar bat. Plazaren erdian kokatu dute, eta kalez kale ibili dute erraldoi ordiziarra. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, kalderero larrien desfilea izango da. Plazan ikuskizun eta ekitaldi bat egingo dute gero, Zozomikotea erretzeko.