Transexualitateari zor zaion errespetua hitzaldi batean landuko du Asmubek, Beasainen
Pertsona transexualek gizartean jasaten duten bazterketa eta errefusa gaur-gaurkoz oraindik indarrean dira. Gaiari buruz informazioa zabaltzeko, eta pertsona horiei eta haien ingurukoei zor zaien errespetua aldarrikatzeko, Beasaingo Asmube emakume elkarteak hitzaldi bat antolatu du. Beasaingo Igartzako jauregian izango da solasaldia, otsailaren 10ean (asteazkena), 18:00etan.
Marijo Imaz beasaindarrak —haren alaba bat transexuala da— hitzaldia egingo du, eta hiru lagunek azalduko dute transexualitatearekin izan dituzten esperientzien testigantzak. Batetik, ahizpa transexuala duen Maddi Imazek gutun bat irakurriko du, familian izan dituzten bizipenak eta hausnarketak kontatzeko. Bestetik, bi transexualek hitz egingo dute: Sarai Montes bilbotarrak (Errespetuz elkartearen idazkaria ere bada) pertsona transexualen eskubideez eta integrazioaz jardungo du. Xabier azkoitiarrak ere testigantza utziko du.
Asmube elkartean Marijo Imazek berak gaur azaldu duenez prentsaren aurrean, “minbizi” oso larria jasaten dute pertsona transexualek: “gizartea”. “Lehenego prozesu psikiatrikoa gainditzen dute, gero hormona tratamendua eta operazioak, baina azkenean dator gogorrena, gizartearen errefusa”, azaldu du Imazek.
“Ez da ulermena, errespetua da”
Gaiari “sentsazionalismoa” kendu nahi diote, hitzaldiarekin. “Transexualitatea naturaltasunez hartu behar da. Pertsonak dira. Oso zail daukate, bide oso gogorra dute. Orduan, atzetik datozenek errazago izan dezatela nahi dugu, informazioa emanda edo gure esperientzia kontatuta”.
Gizartean oraindik lan asko dago egiteko, Imazen arabera. “Baina seme edo alaba bat, beste edozer baino lehenago da. Izugarrizko babesa eman behar zaie. Gaixotasun bat daukaten pertsonekin gizartean pena eta samina zabaltzen da; kasu honetan, kontrakoa: jazarpen bortitza eta hipokrisia handia. Horrek min ematen du”, gehitu du Marijo Imazek.
Transexualitatearen inguruan, gizarteko norbanakoei dei hau egin die: “Jada ez da gaia ulertzea, baizik errespetatzea. Ez dugu lortu nahi pertsona transexualek zergatik egiten duten ulertzea; ez, errespetu kontua da. Arlo eta esparru guztietan baztertu dituzte. Normala dena eta normala ez dena epaitzeko ahalmena nork dauka hemen?”.