Hilero banatuko dute Beasaingo etxe guztietan. Lehenengo zenbakia bihar banatuko dute.
‘Beasaindik’ udal aldizkariaren aurkezpenean Jon Olano, Leire Artola, Aitor Aldasoro eta Enkarni Arrieta.
Beasaingo Udalak ‘Beasaindik’ udal aldizkari berria aurkeztu du gaur eguerdian, “beasaindarrentzat eta beasaindarrekin egingo duen lanaren berri emateko”. Hilabetekaria izango da eta abuztuan izan ezik, hilero jasoko dute beasaindarrek etxean. Bihar banatuko dute lehenengo zenbakia.
Diseinu berria du aldizkariak. Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, “diseinu berria eta egitura argia izango du eta irudiek aparteko garrantzia izango dute, lehen begiradan herritarrek edukiak erraz identifikatzea baita helburua”. Era horretan, “irizpide nagusitzat hartu dugu arina eta irakurterraza izatea; helburua baitugu modu erakargarri, argi eta zuzen batean herritarrak informatzea. Horregatik, aldizkariak ez du testu gehiegi izango, beharrezkoa soilik”.
Lau atal
Aldizkariak lau atal nagusi izango ditu.
Etorkizuneko Beasain eraikitzen atalean, udalaren hilabeteko lan ildo nagusienak jasoko ditu.
Beasain, Herri Bizia atalean, herrian izan diren ekintza aipagarrienak azpimarratuko dira.
Beasaindarrak protagonista atalean, beasaindar nabarmenen lana jasoko da eta beasaindarren txokoa izatea du helburu.
Laster Beasainen atalean, azkenik, hilabeteko ekitaldirik nagusienak nabarmenduko dira.