Daukanak ez daukanari eman
Negu garairako baserrietan bildutako uztak, alea eta jakiak ugariak izan ohi zirenez, beharrean zeuden giza taldeek —haurrak eta mutil gazteak, bereziki— eskean joateko 'baimen' soziala zuten.
Neguko solstizioa igarota, urtea uda bidean da. Baita natura ere, esnatzen ari da. Santa Ageda bezperak, eta orokorrean neguko eske ohitura guztiek, badute beste esanahi bat ere. Praktikoagoa, gizatiarragoa. Beharrean zeuden giza taldeek jatekoa eskatzeko aukerak ziren, antzina.
Udazkenean bildutako uztak baserrietan gordeta izaten zituzten, oraindik, negu garai honetan. Fruta eta barazkiak, basa-fruituak —gaztainak, intxaurrak…—, alea; baita sagarren zuku artzitua ere upeletan, sagardo bihurtua jada. Edo txerriki puskak, eta ardiki okel onduak.
«Prest daude une honetan etxeak lege zaharrean zor den ekintza betetzeko: beharrean dagoenari ematea. Gizarte-erakuntza tradizionalean, ez daukanak eskean egin lezake, aterpe bila edo jatekoaren bila. Eta daukanak eman egin behar du. Hori da gizalegea», dio Labayru ikastegiaren eta Ikastolen Elkartearen Urtesasoiak webgunean.
Beraz, negu garai bete-betean, jateko askorik ez dutenek badute baimen soziala eskean joateko.
Etnologo zenbaiten iritziz, antzinako euskal gizartean beste mota bateko antolamenduak desberdintzen zituen gizataldeak, ez gaur egun bezala baliabide ekonomikoek. Hala, lehenago haurrak talde bat ziren, ezkonduak beste bat, eta zaharrak.
Gazteak eta umeak eskean
Mutil gazteen multzoa da aipagarriena, eskeei dagokienez. «Mutilek, batez ere, euren gain hartzen zituzten gizartearen erakuntzarako ardura asko. Baina ez zeukaten baliabide ekonomikorik. Hori zela eta, aukerarik txikiena zutenean errondari irteten ziren, etxerik etxe eskean joateko. Sasoiko mutilok, gainera, aukera horiek ez zituzten galtzen etxeetan ezkongai zeuden neskei aipamenak egiteko».
Iturri beraren arabera, neska-mutil koxkorrek egiten dituzten eske-kantuak, gazteen oinordekoak izan litezke.
Balioak, gizarte antolaketa eta beharrak ederki aldatu diren arren, bihar Goierri osoan hiru talde horiek eutsiko diote eskeko ohiturari: haurrek, gazteek eta jubilatuek. Beharra izanda ere.












