Etorkizuneko landa eremua
Etorkizunen Goierrin nolako landa eremua nahi dugun erabakitzeko hausnarketa prozesua amaitu berri du Goimenek. 2020 jarri dute jomuga, eta ordura bitartean, nekazaritza ...
Etorkizunen Goierrin nolako landa eremua nahi dugun erabakitzeko hausnarketa prozesua amaitu berri du Goimenek. 2020 jarri dute jomuga, eta ordura bitartean, nekazaritza indartzea izango da helburu nagusietako bat.
Etorkizunean Goierriko landa eremuaren garapena nolakoa izango den hausnartzeko programa osatu berri du Goimenek. 2015 eta 2020 urte artean gauzatu nahi diren helburuak jaso dituzte bertan, Goierriko 22 herrietako eragile ezberdinen parte hartzearekin. Plan berria, 2007-2013 aldirako egin zutena osatzera dator, eta «orduan jarritako helburuak aldatzea baino, gizarte eredu berrietara egokitzea» izan da nahi nagusia oraingo honetan, Manex Aranburu Goimeneko teknikariak adierazitakoaren arabera.
Ez da Goierrikoa orain eguneratu den landa garapenerako programa bakarra. Europar Finantza Esparruak 2015-2020 aldirako Landa Garapen Iraunkorrerako Programaren barruan emango dituen diru-laguntzak oinarri, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako beste 18 landa eskualdeetan ere egin baita lan bera.
Hausnarketa prozesua martxan jartzerako orduan, garrantzia berezia eman nahi izan diote Goimenetik landa eremuarekin zerikusia izan dezaketen eragile ezberdinekin lan egiteari. Etorkizuneko agertokia komunean ikustea «beharrezkotzat» jo dute, «aldaketak guztion artean egin behar» direlako. Era berean, lan moduak definitzeko eta ikasteko balio izan du prozesuak, izan ere «gizarte mota berriek ekarriko dituzten behar berrietara egokitu beharra» nabarmendu du Aranburuk.
Guztiarekin, eta denon artean irudikatutako agertokia izanik helburu, pisu estrategikoa ez dute jokaleku horretara iristean jarri, «horretara heltzeko guztion artean egin beharreko bidean» baizik.
Parte-hartze anitza
Programa berria osatzeko lanean Goierriko 40 bat norbanakok hartu dute parte. Aranburuk zehaztu duenez, deialdia egiterakoan lan taldea «anitza eta parte hartzailea» izan zedin jarri dituzte indarrak. Gainera, «orekatua» izatea ere bilatu dute, batez ere gizon-emakume eta adin tartea bezalako faktoreei begiratuta. Hala, norbanako baserritarrek, unibertsitateko ikasleek, industria munduko ordezkariek, historikoki Goimeni ekarpenak egin eta gertu egon den jendeak, IIHII-ko (Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegiko) arduradunek, ingurumen esparruan lan egiten duten agentziek, Uggasak (Urola Garaiko Garapen Agentziak), udal ordezkariek edo nekazari sindikatuetako kideek hartu dute parte.
Hausnarketa prozesuan «2001eko helburu berberekin» jarraitzen dutela ohartu dira. Oraingoan «non egon nahi dugun, orain arte egindakotik zer ikasi dugun, gizarte bilakaeraren ondorioz eskaera berriak sortu diren ala ez eta eskualdearen irakurketa eguneratu bat egitea» izan dira lan nagusiak. Lan hori amaitu, eta ondoriei erreparatzerako orduan, konturatu dira «nekazaritzak aparteko tratamendu bat behar duela». Ez da ondorio berria, 2007-2013 alditik dagoen zantzu bat da. Aranbururen ustez, «landa garapenak zentzua edukitzeko, nekazaritza aktibo bat egotea beharrezkoa da». Zentzu horretan, 14 urte eta gero ikusi da «eramandako politikek –etxebizitza, hezkuntza edo bestelako jarduera ekonomikoei dagokionean– gorakada bat izan dutela landa eremuan. Baina ez da gauza bera gertatu nekazaritzari dagokionean, alderantziz, atzera egin du».
Lehenengo sektorea
2015-2020 aldi honetarako jarritako helburu nagusiena, ondorioz, lehenengo sektorea indartzearena izango da. Hausnarketa egiterako orduan, gainera, «nekazaritza indartzearen gaia jorratu dugun alor guztietan atera dela konturatu gara», zehaztu du teknikariak. Garrantzia berezia emango diote nekazaritza sektoreak Goierriko herri handiagoetan «presentzia gehiago izateari, baita herri izaeran, herri garapenean edo beste industriekin elkarlanean eragiteari».
Izan ere, baserriek ez diote janaria soilik ematen hiriari, «baserria kultura da, paisaia, informazioa». Hortik, herrien garapena bilatzeko beharra ikusi da, «baina .gure izaerari uko egin gabe». Jarduera ekonomiko eredugarriak bilatu behar dira, «landa eremua garatzeko prest dauden eragileak identifikatzeko». Lan asko dago egiteko oraindik, horregatik, jarraipena egingo zaio prozesuari. Zortzinako bi talde eratuta daude, baina ekarpenak egin nahi dituenari bertan parte hartzeko gonbitea luzatu diote.